Baztango sagar-dantzen eta soka-dantzen inguruko ikerketa-lan sakona argitaratu berri du Patxi Larraldek Txistulari aldizkarian. Artikuluekin batera Larralde aita-semeei egindako elkarrizketa argitaratu da. Arizkungo eta Baztango dantzen eta musika kontuen inguruan aritu dira Larraldetarrak.
Baztango sagar-dantzak
Baztango, Amaiurko, Arizkungo, Erratzuko, Elizondoko eta Lekarozko sagar-dantzak ikertu ditu Patxi Larraldek, Javier aitaren laguntzatz. Sagar-dantzen historia, gorabeherak, koreografien eta melodien xehetasunak, berreskurapen prozesuak, irudiak, partiturak... jaso dituzte; nola ez, ondorio orokor batzuetara ere iritsi dira ikerlanean.
Jasotako testigantzetan ez da ageri sagar-dantzak baserri eta auzo sakabanatuetan dantzatzen zirenik, herri-guneetan soilik dantzatu izan dira. Arropari dagokionez, normalean zuriz eta koloretako apaingarriekin atera izan dira dantzatzera eta nabarmentzekoa da dantzarien burukoa, koloretako zetazko paper eta zintez apaindutako konozko txano luzea. Harrigarritzat jo dute horren distantzia txikian, Baztanen, aurkitu daitekeen sagar-dantzen ugaritasuna.
Soka-dantza Baztanen
Baztan bailarako sagar-dantzak ikertzeaz gain bertako soka-dantzei ere erreparatu diete. Soka-dantza, identitatearen eraikuntzan eta kontzientzia komunitarioan giltzarria izan dela diote. Horrez gain, sozializazio-tresna gisa ulertu behar dira soka dantzak, gazteen arteko harremanak erraztu dituzte, Baztango eremu geografiko sakabanatuan, askotan, konplexuak izan diren harremanak.
Umeen, gazteen, ezkonduen edota agintarien soka-dantzak bereizi dituzte. Soka-dantzen izaera ludikoa zein zeremonial-liturgikoa ikertu dituzte eta dantzen historia, eratzeko moduak, antolaketa, koreografiak, partiturak, irudiak... jaso dituzte.
Bi lan mardul horiek batera argitaratu nahian, txistulari aldizkariaren 248. eta 249. zenbakiak ale bakarrean batu dituzte.