Urriaren 17an eginen dute bozketa berria. Sarako eta Zugarramurdiko herritarrekin mintzaturik, Baztango Independienteak taldeak kontra bozkatuko duela jakinarazi du.
Irailaren 28an Baztango Udalak gehiengo osoan bozkatu bazuen ere Arxuria mendian errepide bat eraikitzearen alde, badirudi sostengua ez dela hain argi, azken egunetan posturaz aldatu dutelako Baztango Independienteak taldeko hautetsiek: "Gure jarrera ez zen zuzena izan eta zuzenketa bat beharrezkoa da". Barkamenak luzatu dizkiete "kaltetutako guztiei", argi utziz urriaren 17an iraganen den bozketa berrian egitasmoaren aurka bozkatuko dutela. Irailaren 28an egitasmoa gelditzeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, baina beste alderdi guztiak aurka agertu ziren.
Delta hegal eta parapente hegaldiak proposatzen dituen Bidasoa Arxuria Group enpresa pribatuaren onurarako eraikiko litzateke kilometro bateko errepidea. Horrelakorik ez dute nahi saratarrek eta zugarramurdiarrek.
Egitasmoaren aurkako manifestazioa antolaturik dute Sarako eta Zugarramurdiko herritar zein hautetsiek, urriaren 21erako. Azken egunetako aldaketak ikusirik, baliteke mobilizazioa ezeztatzea: urriaren 17an errepidearen aurka bozkatzen badute, orduan, ez dute manifestaziorik eginen.