argia.eus
INPRIMATU
Aroztegia proiektuaz Baztango hainbat alkatek

Baztango hainbat alkate 2021eko apirilaren 26a

Testu honen bidez, idatzi hau sinatzen dugun alkateok Lekarozko herriari gure elkartasuna adierazi nahi diogu.

Ezagutu berri dugu lekaroztarren eta baztandarren borondatea errespetatu gabe, Aroztegiko egitasmo urbanistikoaren lanak abiatu direla. Inposatutako lan hauei Poliziaren etengabeko presentzia eta jazarpena gehitu behar zaizkio, Lekaroztik libre ibiltzeko aukera eragozten dutela, noiznahi ari baitira bertatik ibilki dena identifikatzera behartzen.

Lekaroztarrek salatu dutenez, “(Palacio de Aroztegia S.L.-k) inguruko bide publiko guziak itxi ditu, herritarrei pasoa galaraziz. Bertzetik, irekita dauden bideetan, baita herrian barna eta herriko plazan bertan ere, ohikoa bilakatu da poliziaren presentzia, herritarrak han eta hemen identifikatuz eta mehatxatuz”.

Nork nahi du horrelako egoera bere herrian?

"Hemen afera ez da hotela bai edo ez, edo golfa zertarako, edo etxeak soberan daudela. Hemen afera da enpresa honek den dena nahi duela beretako, berea ez dena ere bai"

Urteak dira iduritsuko egitasmo bat aurkeztu zela Kisuako lurretan, Amaiur aldeko Arizkungo lurretan. Ez zen proiektu egokia Baztanerako. Orduan garai hartako erakundeek bat egin zuten Arizkun eta Amaiurko batzarrek adierazitakoarekin. Egun, eremu horretan Baztani egokitzen zaion eta bideragarria den proiektu bat dago, sagar ekologikoei dagokiena.

Aurreko kasuari helduz beraz, zergatik kasu honetan ez zaie lekaroztarrei euren hitza errespetatu?

Nork sinistu eta defendatu dezake inposatutako proiektu urbanistikoa herriaren mesederako dela?

Lur zabal eta aberats baten eta historiaz betetako eraikinaren jabea den Palacio de Aroztegia S.L. ez da duenarekin konformatzen. Bere ondasun gosean bertze jabeen lurrak bere menerako nahi ditu eta baztandar guziona den lur komunala ere bai. Pizti bat bihurtu da Palacio de Aroztegia S.L., bere ondasun gose ase ezinean, munstro bat. Hemen afera ez da hotela bai edo ez, edo golfa zertarako, edo etxeak soberan daudela. Hemen afera da enpresa honek den dena nahi duela beretako, berea ez dena ere bai.

Eta horrelakoei alto ozen bat eman bertze biderik ez dago.

Lekarozko alkatetza taldeak egin bezala eta beren iniziatiba gurea eginez nahi duguna da “gure elkartasuna helarazi herriko bazterrak defendatzeagatik nolabaiteko jazarpena jaso ahal izan duen pertsona orori.”

Herritarrak Lekarozko herriarekin bat egin dezaten deitzen ditugu, baita maiatzak 15ean 17:30etan izango den manifestazioan parte hartzera ere.

Lekarozek bizi behar du, Baztanek bizi behar du, Aroztegia geldituko dugu!

 

Idatzia sinatzen dute:

Erratzuko alkatea: KAIET ITOITZ IBARRA

Arizkungo alkatea: IMANOL ETXEBERRIA ANTXORENA

Amaiurko alkatea: IXABEL ALEMANIRUN GARAI

Anizko alkatea:KRISTINA FERNANDEZ PEREZ

Berroetako alkatea:CARLOS GARAIKOETXEA ELSO

Oronoz Mugairiko alkatea: JORGE OTEIZA UGARTE

Arraiozko alkatea: JOXELU RETEGI ITURBIDE

Iruritako alkatea: PELLO IRIARTE ZELAIETA

Baztango alkatea: JOSEBA OTONDO BIKON