Paskual Rekalde euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du maiatzaren 23an bere sorterrian, Amaiurren. Hizkuntzalari hau 2020ko uztailaren 17an izendatu zuen euskaltzain oso Euskaltzaindiak, baina pandemia dela-eta urtebete atzeratu dute sarrera-hitzaldia. Bere hitzaldian, Rekaldek hiru gai nagusi jorratu ditu: euskara batua eta mintzamoldeak; Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari; eta Amaiurko toki-izenak, etxe-izenak, pertsona-izenak...
Paskula Rekaldek Andres Iñigo oroituz hasi du Euskaltzaindiako sarrera-hitzaldia, izan ere, haren lekua hartu du Akademian. 24 urtez Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria izan denak eginiko lan eskerga azpimarratu du, bai onomastikan, bai hiztegian baita euskararen sustapenean ere. “Berari esker gero eta gehiago dira Nafarroako euskarazko hitzak Euskaltzaindiaren Hiztegian”, gogoratu du.
Rekaldek esan du 50 urtetik gora duen euskara batua ere indartzen ari dela eta eskolan eta unibertsitatean ikasten dena, “ahozkora ere hedatzen ari dela, partez bada ere zenbait tokitan”. Ondoren, Baztango euskararen aitzindariei egin die ohore Paskual Rekaldek, Juan Kruz Goienetxe, Bitorio Apeztegia eta Jazinto Santsiñena amaiurtar apaizen ekarpenak aletuz.
Euskarak Nafarroan bizi duen egoeraz hitz egin du: “Belaunaldi berriak euskaraz gehiago mintzo dira (...) Euskara presente da hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan”, baina nabarmendu du, baita ere, hizkera “aunitz aldatu dela” azken urteotan. “Baztandarrak, eskuarki, ez gaude Iparraldera begira: gure euskara ez da egun baztanera-lapurtera, baztanera-nafarrera baizik”, aitortu du. Hortaz, ondorioztatu du “Baztango euskara nafartzen ari dela, eta gero eta euskara batuagoa egiten dutela bereziki eskolatik pasatu diren haurrek”.
Baztango hitzei ere erreparatu die Rekaldek, Amaiur izenetik hasita. Ondoren, inguruko toponimia astindu du, zenbait bitxikeria argituz. Atzenean, Amaiurrek “bizirik eta euskaldun segitzen duela” azpimarratu du, “bere nortasun propioaz harro”.
Jarraian, Miriam Urkia euskaltzain osoak eman dio erantzuna Rekalderen hitzaldiari, eta haren ibilbide oparoa gogoratu du, Euskaltzaindian eginiko lanak nabarmenduz. Ondoren, goi-nafarrerak Euskaltzaindiaren Hiztegian duen lekua azaldu du (ia 600 adiera, momentuz).
Euskaltzaindiak egindako kronikak azaltzen duenez, eguerdian egin dute ekitalde instituzionala, eta hasiera Amaiurko herriak eman dio: Baztango Gaitariek hautsi dute isiltasuna, jarraian Mikel Altzuartek pare bat bertso bota du, Amaiurren Kantuz abesbatzak Amaiur zintzo eta leiala abestia kantatu du, eta azkenik Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiur herriko alkateak ongietorria egin diete bertaratutakoei. Andres Urrutia euskaltzainburuak ere hartu du hitza eta ekitaldiaren sinbolismoa eta garrantzia nabarmendu ditu. Paskual Rekaldek hitzaldia egiteko txanda eman aurretik, Xalbadorren heriotzean interpretatu du Amaiurren Kantuz abesbatzak.