argia.eus
INPRIMATU
Baztango Aroztegiko proiektu urbanistikoa “pelotazoa” dela esatea legezkoa da Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera
  • Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiari, honek Aroztegia proiektu urbanistikoa “pelotazo” bat zela adierazteagatik Palacio de Arozteguía SL enpresak jarri zion salaketaren kasuan.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 10
GarbiƱe Elizegi, epaitegi aurrean babesa adierazi zioten herrikideekin (argazkia: Erran.eus).

Astelehen honetan ezagutu den epaiaren arabera, Gorenak atzera bota du Palacio de Arozteguía SL-k jarritako salaketa, Lekarozko proiektua “pelotazo urbanistikoa” eta “pelotazo espekulatiboa” zela esateagatik. Adierazpen horiek egitea adierazpen askatasunaren barruan sartzen dela dio epaitegiak, udaleko kargu publiko batek egin zituelako “zalantzarik gabe polemikoa” den gai baten inguruan.

Elizegiren adierazpenak legearen barruan egin zirela baieztatzen duen sententziaren arabera, zilegi da publikoki Aroztegiko proiektua kritikatzea Nafarroako Gobernuak hura babestu arren. Kasuaren berezitasunak kontuan izanda, “pelotazo” hitza behin eta berriz erabiltzea ezin da neurrigabekotzat jo epaiak dioenez. Gainera, kritika nagusiki Nafarroako Gobernuari zuzenduta zegoela nabarmendu du, salaketa jarri duen enpresaren kontra baino gehiago.