argia.eus
INPRIMATU
Baztango Aroztegiko obrak geldiarazi ditu hainbat lagunek
  • Lekarozko Aroztegia makro-proiektu urbanistikoaren obren hasiera salatzeko, Baztango Gazte Asanblada eta Aroztegia eta gero zer? plataformako zenbait kidek makinak oztopatu ditu haien aurrean eserita.

Axier Lopez @axierL 2021eko apirilaren 09a
Argazkia: @xabiertze

Ekintzaile talde batek Baztango Aroztegi proiektu polemikoaren obretako makinen lana oztopatu du ostegunean. Makro-proiektu honek "eskualdean izango dituen eragin negatiboak" azpimarratu nahi izan dituzte ekintzaileek. Lekaroz herri txikian golf zelai bat, luxuzko hotela eta 226 etxebizitzako urbanizazioa eraiki nahi dituzte. Proiektua ezagutzera eman zenetik, etengabeak izan dira herritarren eta zenbait erakunde publikoren protestak.

Ahotsa.infok ekimenaren irudiak jaso ditu:

 

Aroztegia...eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak prentsara igorritako ohar batean adierazi dutenez, "Aroztegia proiektu txikitzailea gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi dute" eta gogorarazi dute "Lekarozko herriak, Baztan osoak eta Nafarroako hainbat eragilek" proiektuaren aurka azaldu direla askotan. Nafarroako Gobernuaren "jarrera inposatzailea" salatu dute, "espekulazioa eta iruzurra" helburu duten enpresen mesederako, herritarren "erabakitzeko eskubidearen gainetik". Horregati, euskal herritar guztiei deia luzatu diete hurrengo egunetan "gure lurra, hizkuntza, kultura eta bizimoduaren alde" antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera.

Hotel Palacio de Arozteguía Baztan Curio Collection by Hilton

Izen hori hartuko du XIV. mendeko Lekarozko jauregiak, "turismo integrala" eskaintzeko, Sabadell bankuko aholkulari eta Aroztegia proiektua sustatu duen enpresari Salvador Urbistondoren hitzetan. 126 logeladun eta lau izarreko hotelarekin batera, 226 etxebizitzako urbanizazioa, golf zelaia, fitness zonaldea, igerilekua, "spa-weelnnes" zonaldea eta lorezaintza eskola bat ere izango ditu. “Goi mailako” turistentzako eskaintza izanen dela iradoki dute sustatzaileek.

Argazkia: @xabiertze