Baztango Aroztegiaren Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala (UGPS) geldiarazi eta haranean herri galdeketa loteslea egin dadila eskatu dute Nafarroako hainbat arlotako 45 pertsona ezagunek, Iruñean emandako prentsaurrekoan. Begoña Zabalak eta Xabier Morrasek irakurri dute manifestua haien izenean.
“UPNk utzitako herentzia pozoitua dugu hirigintza plan hori, hau da, erregimen zaharreko proiekzio politikoa gaurko koalizio demokratiko eta progresistaren barruan”, uste dute manifestuaren eragileek. Haien esanetan, deigarria da aldaketaren gobernuak modu akritikoan hartu izana bere gain Aroztegiko proiektuaren “inposizio politiko garbia”.
Egitasmoa gauzatzeak ekarriko lituzkeen ondorioez ere jardun dute: “Onuraduna ez da harana izanen, ezta auzokoak ere, nahiz eta haiei etekin ekonomiko eztabaidagarriak eta etorkizun garbirik gabeko onurak eskaintzen zaizkien. Onuradunak eraikuntza sektoreko enpresak dira”. Aroztegia eremu natural zabalean esku-hartze izugarri eta atzeraezintzat jo dute, eta horregatik galdatu dute Iruñeko Gobernuak UGPSa geldiarazi eta galdeketa antola dezala.
Halaber, gogorarazi dute Baztanen azken urteetan eraikitako etxeetako asko –“ez denak merkeak”– hutsik daudela, eta “hamarkadetako jauntxokeriari” eta obra publiko edo erdi-publiko askoren inguruan izandako gardentasun ezari egotzi diete gaur egungo haranaren egoera.