Asteazkenean Iruñean jakinarazi dute –gaztelania hutsez egindako prentsaurrekoan– Lekarozen egiteko asmoa duten Aroztegia makro-proiektuaren hotela Hilton luxuzko kate multinazionalari esleitu diotela. Makro-proiektu honen aurkakoak ere izan dira agerraldian eta amaieran bonba-kirastuna bota dute, ARGIAri adierazi diotenez.
"Baztan eta Nafarroa osoaren etorkizunaren alde" egindako proiektu turistikoa dela adierazi du Salvador Urbistondok, Aroztegia proiektua sustatu duen enpresariak. "Identitatea, benetazkotasuna eta pertsonekiko eta ondasunekiko errespetua, jasangarritasuna eta armonia" dira, Urbistondoren hitzetan, makro-proiektu honen ezaugarriak. “Baztandarrek propio sentituko duten hotela izatea nahi dugu”, gaineratu du AEBetan sortutako Hilton multinazionalak Espainiako Estatuan duen ordezkari Carlos Mirok.
Hotel Palacio de Arozteguía Baztan Curio Collection by Hilton izango da XIV. mendeko Lekarozko jauregiaren izen berria, "turismo integrala" eskainiko duena, Sabadell bankuko aholkulari ere baden Urbistondoren hitzetan. Hotelarekin batera, 226 etxebizitzako urbanizazioa, golf zelaia, fitness zonaldea, igerilekua, "spa-weelnnes" zonaldea eta lorezaintza eskola bat ere izango ditu. Obrak hasiak dira jada, 126 logelako eta lau izardun hotela 2022an ireki dadin. Prentsaurrekoan, luxua hitza erabili ez badute ere, “goi mailako” turistentzako eskaintza izanen dela iradoki dute. Enpresariaren hitzetan, 65-70 langile izanen ditu hotelak eta Baztango biztanleei eman nahi diete lehentasuna.
AEBetako Hilton multinazionalak 6.000 hotel inguru kudeatzen ditu munduko 117 herrialdetan. Tokian tokiko komunitateekin lotura oso estua dutela azpimarratu du Mirok, "Travel with Purpose" deitu dio hitzez hitz. Gogorarazi behar da Baztango Udala zein Baztango herritar asko proiektuaren aurka askotan azaldu direla azken hamarkadan.
Protesta 'kirastuna'
Prentsaurrekoaren amaieran, Aroztegiaren aurkako hainbat kidek bonba kirastun bat bota dutela jakinarazi diote ARGIAri, "proiektuari darion usaina" zabaltzeko.
Aroztegia, hasieratik sekretupean
Hotela eta spa egiteko ideia lehenagotik bazetorren ere, 2001ean Baztango familia bateko semeek Aroztegia erosi zutenean hasi zen proiektua gauzatzen. Inguruko bide publiko batzuk mozten hasi zirenean ohartu ziren Lekarozko herritarrak zerbait gertatzen ari zela, eta enpresak onartu zien bertan hotel bat egiteko asmoa zuela. 2008 arte, ordea, ez zen egungo urbanizazio proiekturik agertu. Urte hartan, Palacio de Arozteguia S.L. enpresa sortu eta aurreko enpresaren helburu soziala aldatu egin zuten: lehen helburu turistikoa bazuen, enpresa berriarekin proiektu urbanistikoa gehitu zen. UPNk abiatutako proiektua zena, Geroa Baiko Uxue Barkosen gobernuak bere egin zuen.
Ordutik Baztanen etengabea izan dira herritarren protestak, horrelako herri eta eskualde batean makro-proiektu turistiko honen eraginak kezkatuta. "Aroztegia, eta gero zer?" plataforma izan da aktiboena honetan.