Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia epaitzen ari dira Iruñeko Auzitegian Palacio de Aroztegui S.L. enpresaren ohorea iraintzea leporatuta. Lekarozko Aroztegiko proiektuaren aurka egiteagatik dago epaitegietan. Honez gain beste bi auzi ere martxan ditu Elizegik proiektuaren kontra aritzeagatik.
Alkate ohiak proiektuaren inguruan ari zela “pelotazo urbanistiko” hitzak erabili izana salatzen du enpresak. Elizegik Xorroxin Irratian azaldu zuenez “askatasunaren aurkako eraso bat” da hau. Sustrai Erakuntza fundazioko kide Martin Zelaia epaiketaren nondik norakoarekin “kontent” agertu da Elizegik epaiketa irabazteko aukera asko dituelako, adierazpen askatasunean babesturik.
Epaiketa hasi aurretik elkarretaratzea egin dute ehun lagun inguruk Iruñeko epaitegi aurrean elkartasuna adierazteko. Bertan EH Bilduko hainbat parlamentari izan dira.
Epaiketan defentsak deituriko bi testigu aritu dira, EH Bilduko Nafarroako Legebiltzarreko parlamentari bat eta egungo Baztango alkatea, hori ere EH Bildukoa.
Baztango herritarren gehiengoa proiektuaren aurka agertu da. Horren aurrean, enpresak salaketak jarri ditu, besteak beste, “bere ohorearen aurka egin izanagatik”. Hainbat lagun epaitegietan daude arrazoi horrengatik. Zelaiaren esanetan nekea eta beldurrak indarra hartu dute herritarren artean eta “zapalkuntza” gisa deskribatu du jasaten ari direna.
Aroztegia… eta gero zer? plataformako kide ere baden alkate ohiari prebarikazio delitu bat egozten zaio halaber; duela egun gutxi deklaratu behar izan du horregatik. Bestalde, enpresak Elizegi eta beste zazpi herritarri 50.000 euro inguru eskatzen dizkie emaniko prentsaurreko batengatik.
Sustrai Erakuntza eta Aroztegia… eta gero zer? plataformek proiektu urbanistikoaren aurkako salaketa jarri zuten Iruñeko epaitegian eta laster izango dute emaitzaren berri. Haraneko batzar nagusiak ere salaketa jarri du proiektuaren kontra, baina, horren emaitza, ordea, beranduago jakingo da.
Aroztegian zer egin nahi duten
Palacio de Aroztegui S.L. enpresak lau izarreko hotel bilakatu nahi du Aroztegiko jauregia, XIII. mendeko eraikina. Horrez gain, 40 hektareako eremuan ibai parke bat, golf zelai bat eta 280 etxebizitza inguru jarri nahi dituzte besteak beste. Elizegiren ustez “proiektu espekulatzailea da eta ez da gizartearen beharretara egokitzen”.
Nafarroako Gobernua zuzentzen duen Geroa Bai alderdia proiektuaren alde egiten ari da. PSIS Udalez Gaindiko Eragineko Plan Sektorialaren bidez lurzoru urbanizaezina urbanizagarri bilakatu zituen, udalaren aurka eginez. Gobernua sustengatzen duten gainontzeko hiru alderdiak —EH Bildu, Podemos eta Ezkerra—, berriz, proiektuaren aurka agertu dira, jarrera horretan, batez ere, EH Bildu nabarmendu den arren.