Nafarroako Gobernuak "inposizioaren bitartez eta alde bakarreko erabakiak hartuz" egin du aurrera Lekarozko proiektu urbanistikoarekin, Aroztegia... eta gero zer? plataformak salatu duenez. "Gure ustez, alde guztien adostasunarekin eginen den Baztan mailako herri galdeketa loteslea antolatzea da momentu honetan irtenbide bakarra", azaldu dute plataformako kideek.
"Inposaketaren aitzinean ariketa demokratiko batekin erantzutea proposatzen dugu", diote prentsa-oharrean (pdf). "Hurrengo bi asteetan aldaketaren gobernua babesten duten taldeekin eta tokiko administrazioko erakundeekin bilerak egin nahi ditugu, herri galdeketa antolatu aldera".
Bildu, Ahal Dugu eta I-E alderdietako ordezkariak ere herri galdeketaren alde azaldu dira.
Plataforma prest agertu da herri galdeketa loteslea aurrera eramateko baldintzak, epeak edota galderak adosteko mahaian parte hartzeko. "Aldi berean, aldarrikapen hau aitzinerat ateratzeko, hurrengo asteetan herri zein herrialde mailako kanpaina bat martxan paratuko dugu. Eginen diren deialdietan parte hartzera animatzen ditugu benetako aldaketaren alde lan egiten ari diren herritar zein eragile guztiak".
228 etxebizitza
Plataformaren hitzetan, Lekarozen, 359 biztanle dituen herri batean, 228 etxebizitza egiteak "ez du inolako justifikazio sozialik". "40 hektareako lur ez urbanizagarria birkalifikatzeko aitzakia bezala erabili dira hotela eta golf zelaia", aipatu du plataformak, Erran.eus agerkariak jaso duenez.
Auziaren jarraipen zehatza egiten ari da aipatu webgunea azken asteotan. Bertan irakurri genuen, esaterako, Baztango Batzar Nagusiek arbuiatu egin dutela Nafarroako Gobernuak Lekarozko proiektuarekin jarraitzea.