argia.eus
INPRIMATU
Baztanen egin nahi duten harrobiaren aurkako ahotsa parlamenturaino eraman dute
  • Baztango harrobiaren proiektuak arriskuan jarri ditu Erdizko larreak, eta proiektu estraktibista horren aurkako protestak gero eta ozenagoak dira. Ostegunean, Nafarroako Parlamenturaino iritsi da aldarrikapena Erdiz Bizirik ekimeneko kideen eskutik. PSNk harrobia defendatzeko mozio bat aurkeztu du, eta eztabaidatzen ari zenean oihuka hasi dira aktibistak eta plenoa bertan behera utzi dute. Urriaren 12an manifestazioa egingo dute Elizondon Magna enpresaren egitasmoaren kontra.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2022ko urriaren 07a

Bestetik, Elizondon egindako agerraldi batean, Baztango eragile, elkarte eta banakakoak, lurraren defentsan borrokatzeko prest daudela iragarri dute. "Arras barneratua dugu lurrarekin lotuak gaudela: lurretik jaten dugu, edaten dugu, lurrak bazkatzen ditu gure inguruko animaliak, lurrak marrazten ditu gure paisaiak. Lur honetan idatzia dago gure historia, eta inork ez dezala zalantzarik izan, lur honetan idatziko ditugula gure oraina eta geroa ere bai".

Erdiz bailarako bizimodu, kultura eta ekonomiaren ezinbertzeko euskarria dela azpimarratu dute elkarte guzti hauek, eta Magnesitas de Navarrak Erdizen eraiki nahi duen meategiak "herri bezala bizirauteko behar ditugun baliabideak suntsituko lituzke, baztandar eta nafar guzien kalterako", eta hori onartzeko prest ez daudela ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute Baztango bizilagunek. "Multinazionalen mesedetara dauden Gobernuek, proiektu hau Foru Intereseko izendatu eta UGEPa bezala tramitatzeko bidea ireki dute, tokiko instituzioen gainetik pasatu nahian, Baztango Batzar Nagusiak antolatu duen herri galdeketa debekatu dute eta herritarrak ordezkatzeko zilegitasuna aspaldi galdu duen Nafarroako parlamentuak inposizio hau berretsi du".

Datorren astean egingo den manifestazioren inguruan, azaldu dute data aukeraketa ez dela kasualitate bat izan. "Urriaren 12an, Espainiako erreinuak bere izaera kolonial eta genozida ospatzen du. 500 urte ondoren bertze hainbat herriekin egiten duten bezala, inposizioaren bitartez gure bizimodua, kultura eta lurrak ere suntsitzen segitu nahi dute. Horren aitzinean, urriaren 12an baztandarrak karrikara aterako gara eta azkeneko 500 urtetan egin dugun bezala, gure lurra, kultura eta bizimodua defendituko ditugu. Gure historia berridatzi nahi duten horiei oroitaraziko diegu Espainiako erreinua existitu baino lehen Erdizen ardiak, behorrak eta Baztango nekazariak zeudela, eta egonen direla Espainiako erreinua desagertu ondotik ere bai".

Manifestazioa arratsaldeko 17etan Elizondoko Plazatik abiatuko da. Hau da deitzaileen zerrenda:

    Baztandarren Biltzarra

    (h)ilbeltza

    Milotxuri

    Jo ala jo elkartea

    BRT

    Zapatillera

    Talde Feminista

    Baztango gazte asanblada

    GKS

    Baztango zaporeak

    Bildu

    Sortu

    Ernai

    Iñarrosi

    Plazara dantzara

    LAB

    Talde ekosoziala

    Ehne

    Arrantza eta ehiza elkartea

    Berroetako herria

    Zigako herria

    Oronozko herria

    Iruritako herria

    Arraiozko herria

    Lekarozko herria

    Elizondoko herria

    Gartzaingo herria

    Arizkungo herria

    Erratzuko herria

    Amaiurko herria

    Azpilkuerako herria