argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa Oinezeko sexu-erasoa
Baztanek emakumeenganako indarkeria oro gaitzetsi du
  • Nafarroa Oinezen izandako sexu erasoa errefusatu eta gaitzetsi dute Baztan bailarako herritarrek elkarretaratze jendetsu batean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2015eko urriaren 22a
Bart Elizondon egindako elkarretaratzea. (Arg: Mikel Navarro)

Emakumeenganako indarkeriaren aurka batu dira Baztango herritarrak. Nafarroa Oinezen izandako sexu erasoa errefusatu eta gaitzetsi dute. Baztan osatzen duten 15 herrietako ordezkari politikoekin batera, jendetza izan da Baztan Ikastolak antolatutako protestan. Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez ere izan da elkarretaratzean. Txiki geratu zen bart Elizondoko plaza. Mukuru bete zen Indarkeria sexistarik ez goiburuarekin egindako elkarretaratzea.

Eguesibarko Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du “erabateko gaitzespena” adieraziz igandean ikastolen aldeko festan izandako sexu erasoari. Era berean, babesa eskaini diote erasoa jasan zuen neskari eta haren senitartekoei eta beharrezkoak dituzten baliabideak emateko prest azaldu da Udala. Gaur 18:30etarako elkarretaratzea deitu dute Eguesko udaletxe plazan.