argia.eus
INPRIMATU
Baztandarren Biltzarrak Baigorriko Basaizea elkartea omenduko du aurten, muga zubi bihurtuz
  • "Baztanen eskuara barra-barra" leloarekin, aurten 54. aldiz baztandarren besta haundia ospatuko da uztailaren 16an. Egun osoko besta izanen da.

Erran .eus @erran_eus 2017ko uztailaren 13a
Hamabortz herrietako orgak espero dituzte Elizondoko karriketan (argazkia: Juan Mari Ondikol).

Igande goizeko 10etatik aitzinera, goiz osoan artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00etan he­rri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00­etan Mutil-dan­tzak izanen dira Elizondoko  plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian.  Bazkalondoko animazioan, Baztango ioiak, mezua, sari banaketa, animazioa, Hauspolariek taldearekin kantaldia eta dantzak izanen dituzte Merkatuko Plazan. 18:30ean hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta 20:00etan Oharkabe taldea igoko da oholtzara. 01:00etatik aitzinera, Juan An­gel DJ-arekin bestak segi izanen du Laxoako plazako  ostatuan.

Baigorriko Basaizea elkartearekin elkartasuna omendua

Omendua aukeratzerakoan, "huntekoan Izpegiz bertzalde salto egin eta Baigorriko Basaizea elkarteko lagunei luzatu diegu gure artera biltzeko gonbidapena. Helburuek, intere­sek, lanak eta bestak maiz elkartu gaituzte eta hemendik aitzin ere hala izatea nahi dugu. Hortaz, elkartea  bera baino, elkartasuna omendu nahi dugu, Basaizea eta Baztandarren Biltzarra elkarteen arteko laguntasuna, batzuek muga gisa ikusten duten tokian guk zubia eraikitzen segi dezagun".

Baztandarren Biltzarrak berexiki nabarmendu nahi du ez duela inolako eraso sexistarik onartuko. 

Ostatua frontoian

Ongi dagoena bere horretan utzi behar omen da eta, hortaz, aurtengoan aldaketa guti egin dituzte programan. Bat aipatzekotan, bazkal ondoko bestaren espazioa pixka bat aldatu eginen dutela eta frontoiari eman zaion estalkia probextuko dela, "karpa kendu eta gure ostatua frontonera mugitu dugu".

Baztandarren Biltzarrako menua hau izanen da: Etxeko piperrada, Patata tortila, aratxe e­rrea litxuekin (aratxeak Gartzaingo Migeltxo Galarregi eta Elizondoko Pantxito abeltzainei erosiak eta litxua berriz Iruritako Urrutia anaiena). Ondotik Euskal pasela (Malkorra goxotegia), izozkia (jauregia es­ne­kiak), kafea eta pattarra. Ilunabarrean karpan egiten diren bokadiloetarako Kortariko Bordako gasna erabiliko dute eta ostatuan salgai egonen den sagardoa, berriz, Lekarozko Larraldeakoa izanen da.

Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.