argia.eus
INPRIMATU
Baztandarren Biltzarrak aitzinera segitzeko babesa jaso du
  • 150 bat lagun bildu ziren abenduaren 29an deitutako bileran eta lanerako borondatea erakutsi dute aunitzek.

Erran .eus @erran_eus 2018ko urtarrilaren 03a
Arizkuneneako sabaia jendetza bildu zen, Baztandarren Biltzarrari sustengua emateko prest (argazkia: Juan Mari Ondikol).

Baztandarren Biltzarrarentzat hil ala bizikotzat jo zuten abenduaren 29rako deitutako bilera eta baztandarrek erantzun bikaina eman diote, ospakizunari segida eman nahi diotela erakutsiz. 150 bat lagun bildu ziren Arizkunenea Kultur Etxeko sabaian eta ardurak hartzeko prest ere azaldu zen jendea.

Baztandik ez ezik, kanpoko kultur eta folklore taldeek ere ospakizuna eta elkarteari babesa emateko prest azaldu dela aipatu zuen Maite Dendarieta batzordeko ordezkariak. Beraz, badirudi jendea ez dagoela Baztandarren Biltzarra desagertzen uzteko prest eta orai Baztanen herriz herri ibili nahi dute babes eta laguntza bila.

Krisitik ateratzen

Baztandarren Biltzarra elkartearentzat hausnarketa urtea izan da iazkoa. Duela hilabete batzuk aipatu zituzten zailtasunei bertze arazo potolo bat gehitu zitzaien urte amaieran: "Orain arte ginen kide kopuruarekin nahiko larri ibiltzen ginen besta aitzinerat ateratzeko; honekin ez aski, azken hilabeteetan kide kopurua jausi egin da. Hortaz eta egoera sakonki aztertuta, kide berriak sartzea ezinbertzekoa da", azaldu zuten abendu hasieran.

Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.