Urtea hasi besterik ez da egin eta oraindik egun handirako zazpi hilabete falta diren arren, azken jaialdian iragarritako bete egin daiteke: lekuko faltak eraginda, baliteke ospakizunik ez izatea jaiaren 60. urteurrena behar zuenean.
2020an eta 2021ean pandemiagatik bertan behera geratu bazen ere, 2022ko uztailaren 17an ospatu zuten azken aldiz Baztandarren Biltzarra, Elizondon. Etenaren osteko festa gogoa bazen orduan, eta antolakuntzan ilusioz batu zen jendea. Baina lekuko falta eta festa kolokan egotearen ohartarazpena ez da berria egin bailaran: 2017an ere egin zuten deia, eta dei horri erantzutera elkartu ziren ehun bat lagun, azken txinparta balitz gisan. Oraingoan ordea, uztailean, jaialdian bertan egin zuten deia, eta ez dute antza lehen bezalako erantzunik jaso. Horregatik, "hurrengo urteko Baztandarren Biltzarra kolokan dela erran dezakegu", berretsi du agerraldian Alvaro Garde antolatzaileak. Inor lekukoa hartzeko prest agertu ez arren, laguntzeko prestutasun osoa agertu dute "bidelagun izan eta aholkuak emateko".