Igande honetan ospatuko den Baztandarren eta eskuararen besta haundian hondakinen prebentzioaren alde eginen dute antolatzaileek Baztango Udalaren eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren laguntzaz
Azken urteotan zentzu edo norabide honetan pausu haundiak eman badira ere, antolatzaileendako ez da nahikoa eta aurtengoan ere besta erraldoi honek sorturiko hondakinen kudeaketa hobetze bidean aitzinpausuak ematen jarraituko dute antolatzaileek Baztango Udalaren eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren laguntzari esker. Indarrean sartu berri den Hondakinen Foru Legeari so eginez hondakinen prebentzioari garrantzi berezia eman nahi izan diote aurtengo ekitaldian.
Hondakinen prebentzioa hondakinak murrizteko edo hauek ingurumenari eragiten dioten kaltea murrizteko joerari deritzaio. Hala bada, “Edalontzia berrerabili, bestan zurekin ibili” lelopean, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzen jarraituko du antolakuntzak baina ez da hau izango hondakin guttiago sortzeko erabiliko den ontzi mota bakarra, orain arteko plastikozko kaferako edalontzi edo tazak ere edalontzi berrerabilgarriez ordezkatuko dira eta ura ia ez da erabili eta botatzeko plastikozko botiletan zerbitzatuko, hauek pitxer berrerabilgarriez ordezkatuak izanen bait dira. Edalontzi eta pitxer hauek berrerabilgarriak direnez garrantzitsua da hauen erabilera egokia egin eta behar den bezala itzultzea, helburua bete eta hurrengoetarako erabilgarri egon daitezen. Prebentzioaz gain, duela urte batzuk hasitako hondakinen sailkapen bideari jarraituko zaio. Aurtengoan ere bazkarian sortutako hondakinak gaika sailkatzeko edukiontziak paratuko dira eta nola ez, duen garrantzia ikusirik, gai organikoaren bereizketan sakontzen jarraituko da. Laguntzen eta zerbitzatzen arituko den jendeari hondakinak era egokian bereizteko argibideak eta afitxak emanen zaizkie, edukiontzi bakoitzean bota beharreko hondakinen irudiak paratuko dira eta megafonia baliatuz ere egunean zehar hondakinen kudeaketa egoki baten aldeko mezuak bidaliko dira herritarren partehartzea eskatuz. Orgek sorturiko hondakinak ere era egokian kudeatzeko aholkuak eta erraztasunak eman zaizkie aurtengoan antolatzaileei.
Albiste hau erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.