argia.eus
INPRIMATU
Bazkidetza kanpaina abiatu dute erosle eta ekoizleek elkarlanean kudeatutako saltokia irekitzeko Bilbon
  • Labore-Bilbo elkarteak udazkenean ireki nahi du denda itxurako topagune agroekologikoa. Bertako elikagai osasungarriak prezio herrikoietan saldu eta erosi ahal izateko elkargunea.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko otsailaren 06a
Argazkia: Laborebilbo.eus Argazkia: Laborebilbo.eus

Hiruroregeitik gora norbanakok eta dozena erdi eragilek (EHNE Bizkaia, Errigora, Bizilur elkartea, Mundubat, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Gite-Ipes) osatutako talde fundatzaileak eman du deialdiaren berri, lehen biltzar orokorra burutu eta berehala. Ekimenaren berrikuntzarik handiena da kontsumitzaileak eta ekoizleak elkar-harremanean batuko dituela, erabakiak elkarrekin eztabaidatuz eta modu asanblearioan hartuz, bi aldeen zein ingurugiroaren onurarako. Salerosketarako produktua "bertokoa, agroekologikoa eta sozialki orekatua" izatea du helburu proiektuak, onartu berri duten dekalogoak islatzen duen gisan. 

Bilbon irekiko duten espazio berria (kokapena zehazteke) "janari-denda baino dezente gehiago" izango da: "Kontsumitzaile arduratsuak hezteko tokia, elikadurarekiko eta gizarte ereduarekiko kezka dutenentzako topalekua, Euskal Herriko hamaika txokotako produktuak ezagutu nahi dituenarentzako erreferentzia gunea, ekoizleek baldintza duinetan saldu ahal izateko puntua, salgai zer ipini bazkideek erabaki ahal izateko eremua, Bizkaian agroekologia sustatzeko tresna…"

Ordutegi eta eskaintza zabala izango du eta salneurri justuak erosle zein ekoizleentzat. Bertan erosteko aukera bazkideei mugatua egongo da.

Uda aurretik 500 bazkide berri behar dituzte proiektuak aurrera egingo badu. Egitasmo honetan partehartzeko bost euroko ekarpena egin beharko da hilero, hasierako hogei euroez gain. Horrekin batera, bazkideek urtean ordu gutxi batzuk eman beharko dituzte auzolanean orotariko lantxoak egiten. Bazkide fundatzaile izateko aukera ere zabalik daukate oraindik.

Bazkidetzaren inguruko informazio gehiago jasotzeko www.laborebilbo.eus bisitatu edo idatzi info@laborebilbo.eus helbidera.

Albiste hau Uriola.eus-ek argitaratu du eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra