argia.eus
INPRIMATU
Hendaiakoop
Bazkideen denborari esker prezio eskuragarriak dituen saltoki kooperatiboa
  • Ipar Euskal Herrian eta Bidasoa aldean egon den saltoki kooperatiboen loratzearen baitan kokatu daiteke Hendaiakoop proiektuaren sorrera. 2018an hasi ziren lehen pausoak ematen nekazaritza iraunkorraren eta bestelako kontsumo ereduen alde egin nahi zuten zenbait kide, eta oparoa izan da bidea. Saskien banaketa bidez hasi ziren funtzionatzen, baina denborarekin, Hendaia erdigunean saltoki kooperatiboa irekitzera iritsi dira. Ia 300 bazkide dira egun. “Hasieratik erakunde parte-hartzailea sortzea zen helburua, konpromiso aktibo bat eskatuko zuena“, adierazi du Jokin Etxebarria administrazio kontseiluko kideak.

Garazi Zabaleta 2023ko ekainaren 12a

Hendaiakoopen balioez galdetuta, zerrenda luzea egin du Etxebarriak: “Norbere kontsumoaren aktore izateko tresna sortu nahi dugu, ahalik eta jende gehienari kalitatezko janaria helarazteko, tokiko produkzio iraunkorra eta ingurumena eta pertsona errespetatzen dituena bultzatzeko eta prezio justuak izateko”. Azpimarratu duenez, hasieratik garbi zuten denda "elitista" bihurtzea saihestu nahi zutela, edonorentzako moduko proiektua bultzatzea baita haien asmoa. Ehun euro jartzen ditu kooperatibista bakoitzak: horietatik 70 proiektua uztean errekuperatuko ditu, eta beste 30 kooperatibarentzako ekarpena dira.

Prezio ahalik eta eskuragarrienak bultzatzeko, produktuen prezioen marjinak txikiak direla dio kideak, eta kooperatibista bakoitzak bere denbora eskaintzen dio proiektuari. “Lau astero, kooperatibako kide bakoitzak hiru ordu eskaini behar dizkio proiektuari, horretarako dauden lantaldeetan: janari saltzaileak dira batzuk, beste batzuk ekoizleei produktuak erosten dizkiete, eta azkenik, kudeaketa eta komunikazioan aritzen direnak daude”. Modu horretan, bazkide bakoitzak bere gaitasun eta gustuen araberako ekarpena egiten dio kooperatibari, eta lan ordu horiei esker, prezioak ere eskuragarriagoak dira denentzat. “Gaur egun, langile bat ere badugu, lanpostu bat sortzeko konpromisoa ere hasieratik baikenuen”, gehitu du kideak.

Ehun ekoizle baino gehiagorekin lanean

Hendaiakoopeko dendako produktuen %20 Bidasoakoa da, eta %65 Euskal Herrikoa. “Batzuk bio etiketadunak dira, besteak ez, baina denak dira oinarrizko engaiamendu ekologikoa edo bidezkoa dutenak”, dio Etxebarriak. Alegia, zigilu ekologikoa ez dutenen kasuan ere, laborantza eredu iraunkorretik datozela egiaztatzen dute kooperatiban. “Guretzat garrantzitsua ez da eko izatea soilik, baita ere produktuaren atzean dauden lan baldintzak duinak izatea, produktuak sasoikoak izatea, ibilbide laburrekoak, garraio partekatu bidez mugitzen direnak… Azken urteotan, esfortzu handia egiten ari gara ontziratu gabeko produktuei lehentasuna emateko”, dio.

Kooperatibistek erosketa saski osoa egin dezakete bertan: fruta, barazkiak, haragia, urdaitegia, produktu beganoak, arraina, izoztuak, edariak…  “500 produktu inguru ditugu dendan, eta bertako ehun ekoizle ingururekin egiten dugu lan. Aukera ederra da haientzat ere salmenta gune hau izatea”.