argia.eus
INPRIMATU
Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago
  • Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko urtarrilaren 17a
François Bayrou Asanblea Nazionalean. France Bleu

Herritar Fronte Berriak zentsura mozioarekin erantzun nahi izan die François Bayrouk asteazkenean iragarritako neurri ugariei, eta hasieran bazirudien PSk ere bat egingo zuela bere koaliziokideekin, baina azkenean ez zen horrela izan.

Zentsura mozioen aldekoek 131 boto bildu zituzten, aurrera ateratzeko beharko lituzketen 288etatik oso urruti. NFP koalizioaren barruan aurkeztu zen PS eta 61 diputatu ditu. Horiek guztiak batuta ere ezinezkoa zen, baina oro har, egoera honek islatzen du Frantzia Intsumisoaren eta PSren artean oposizioa egiteko moldeetan dauden desberdintasun sakonak.

Hasiera batean PSk ere zentzura mozioaren alde egin behar zuen, baina Bayrouk egindako promesek iritzia aldarazi diote. Antza denez, aurreko egunean Bayrouk aurkeztutako pentsioei buruzko legean bide PSren aldaketaren gakoa.

Lehen ministroak agindu omen die eragile sozialek akordiorik lortzen ez badute –eta ez dute lortuko– beste lege proiektu bat aurkeztuko duela. Sozialisten artean ere eztabaida handia egon zen zentsura mozioan egin beharrekoaren inguruan, eta azkenean ez sostengatzea gailendu zen.

Dufo eta Etxaniz zentsura mozioaren alde

Peio Dufau eta Iñaki Etxaniz diputatuek NFPk aurkeztutako zentsura mozioaren alde egin zuten, nahiz eta biak legebiltzarreko Talde Sozialistako kide diren. Peio Dufau ezker abertzaleko ordezkaria da NFPn eta Etxaniz Alderdi Sozialistako kidea da. Dufauk X sare sozialean adierazi duenez, hiru arrazoik bultzatu dute zentsura mozioa sostengatzera: batetik, hauteskundeetan izan ziren emaitzak kontuan izatea –NFP nagusitu zen–; bestetik, Bayrouk aurkeztutako erretretaren erreformaren aurka egotea; eta azkenik, iragarri diren erreformen aurkako jarrera, haien bidez aberastasunaren banaketa are eta gutxiagoen eskutan geldituko delako.

Bayrou abenduan iritsi zen gobernua gidatzera, zentsura mozio batek aurreko lehen ministro Michel Barnier kargugabetu ondoren.