argia.eus
INPRIMATU
Bayerrek eta Syngentak ez zuten esan euren produktuek erleak kaltetzen dituztela
  • Bayer eta Syngenta enpresek ezkutatu egin zituzten euren pestizidak erleen gainbeherarekin lotuta daudela frogatzen duten ikerketak. Ikerketa horien emaitzak Greenpeacek eman ditu argitara. Neonikotinoideen familiakoak dira enpresek bere probetan aztertu dituzten pestizidak.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 27a

“Pestizidek erleengan eragindako kalteak gutxiesten dituzte ikerketen emaitzek”, azaldu du Greenpeacek. Hainbat adituren esanetan, talde ekologistak argitara emandako ikerketak garrantzitsuak dira erleei egindako kaltea egiaztatzen dutelako eta enpresa agrokimikoen ingurugiroaren eta elikagaien segurtasunaren inguruko axolagabetasuna azaleratzen dutelako.

The Guardian-i egindako adierazpenetan, Greenpeaceko kide Ben Stewartek azaldu du: “Erleen etorkizunaz arduratuko balira Bayer eta Syngentak ikerketaren emaitzak argitaratuko lituzkete. Baina isilik egon dira eta produktuen segurtasuna zalantzan jartzen duten ikerketei garrantzia kendu diote. Enpresek dakitena argitzeko garaia da”.  

Dave Goulson Sussex-ko Unibertsitateko (Ingalaterra) irakaslearen esanetan, “gaiaren inguruko eztabaida kontuan izanik, zaila da jakitea zergatik ez dituzten ikerketak publiko egiten”.

Munduan gehien erabiltzen diren pestizidak dira neonikotinoideen familiakoak. Debekaturik daude neurri batean Europar Batasunean eta legez araututa AEBetan.