Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.
Baxoko ahozko azterketa berriz ere frantsesez izango da aurten. Irakasleek horren aurrean ikasleei euskaraz egin ahal izateko bidea eman diete. Seaskako, publikoko eta pribatuko ehun bat irakaslek jakinarazi dute ahobizi eta belarriprest txapak jantziko dituztela ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko.
Azken urteetan mobilizazio asko egin dituzte azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde, Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek bultzatuta. Aurten, brebeta bere osotasunean euskaraz egitea lortu dute. Baxoaren kasuan, berriz, okerrera joan da 2019ko erreformarengatik, eta orain ezinezkoa da historia eta matematika euskaraz egitea, lehen ez bezala.
Baxoako Ahoizko Handia astelehenean hasiko da Ipar Euskal Herriko hamar lizeotan. Ahozko horretan, ikasle bakoitzak hautatu dituen bi berezitasunei lotua den gai bat aurkeztu beharko du, hogei minutuz, eta galdera batzuei erantzun, bi zuzentzaileren aurrean; baxoko notaren %10 balio du. Ikasleak txapa bat ikusten badu, ahozkoa euskaraz egiteko “babes osoa” duela esan nahiko du, hala nahi badu.
“Gure lehentasuna da ikasleak babestea, bai baitakigu ez dela erraza ahozko handia”, adierazi du Mathieu Elgoien Pia lizeoko historia irakasleak Berria-k azaldu duenez. Azterketa egunean irakasleak bilduko direla esan du, ikusteko nor prest dagoen txapa eramateko. "Zuzentzaile bagara eta ikusten badugu gurekin den bikotea ez dela bero, txapa ez dugu eramanen. Lehen urratsa baizik ez da; ikusiko dugu zer gertatuko den lehen baxo honetan, eta, beharbada, ondoko urteetan gero eta antolatuago izanen da".
Ekintzan zergatik parte hartuko duten azaldu dute, Bernat Etxepare lizeoko biologia eta euskara irakasleek, Laida Mujika eta Ihintza Ostolazak. Berria-ren arabera, Mujikak zera adierazi du: “Niri normala iruditzen zait ikasleek, beren ibilbide guztia euskaraz egin badute, azterketa ere euskaraz egitea”. Erantsi du “injustizia” dela, “frantsesez ikasi dutenek frantsesez egiten duten bezala”, euskaraz hala ez izatea. Ostolazak azaldu du oraindik eta "harrigarriagoa eta injustuagoa" dela ondorengoa: Ikasleek bi irakasgai hautazko aukeratu behar dituzte eta horietako bat euskara izan daiteke. Baina, horiek ere ezingo dute ahozkoa euskaraz egin.