Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak jakinarazi du baxoan eta lizeoan aldaketa nabarmenak egingo dituztela. 2021era arte jarri du epea aldaketak indarrean jartzeko.
Aldaketa nabarmenena baxoaren azterketa kopurua izango da. Egun hamar froga pasa behar izaten dituzte ikasleek. Moldaketekin laura jaitsiko lirateke azterketak: bi lizeoan aukeratutako gai espezializatuen ingurukoak izango dira, bat filosofiakoa eta azkena ahozko froga bat. Beren ibilbidean aukeratu duten ikasgai espezializatu batean oinarritutako aurkezpena egin beharko dute. Proiektua epaimahaikideei azaltzeko Hamar minutu erabiliko dituzte eta beste hamar galderei erantzuteko. Gaur egun lizeoko lehenengo mailan aurkezten duten Lan Pertsonal Jarraituaren filosofia bera izango du ahozko proba horrek.
Baxoaren moldaketek lizeoko adarrak desagertzea ekarriko du: adar literarioan, ekonomia-sozialean eta zientifikoaren artean aukeratu behar du egun ikasleak. Erreforma berriak hiru bide klasikoak irauliko ditu eta horien ordez 11 ikasgai espezifiko jarriko dira ikasleek aukeratu ditzaten. Lehenengo mailan, hiru ikasgai izango dira hautatu beharrekoak eta bakoitzari lau ordu eskainiko dizkiote astean. Bigarren mailan, ordea, bi ikasgai hautatu beharko dituzte; bakoitzari sei ordu eskainiz. Ikasgai komunek bere horretan jarraituko dute.
Lau azterketek nota orokorraren %40 ordezkatuko dute; beste %60 kontrol jarraituan oinarrituko da; %60 horretako %10, eskolako liburuxkan. Blanquerrek azaldu duenez, kontrol jarraiturako azterketa bakarra izango du ikasgai bakoitzak; ebaluazio jarraitua bertan behera utziko dute, beraz.