argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza
Baxoa euskaraz: ikasleen aldarrikapenak indarrean
  • Baxoa izena du Unibertsitatera iragateko gainditu beharreko azterketak. Etxepare Lizeoan euskaraz ikasten dute, baina ikasle gehienak frantses unibertsitateetara joan ohi dira. Gutxi batzuk baino ez dira Hego Euskal Herriko unibertsitateetara joaten.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko ekainaren 15
Baxoa euskaraz egiteko eskubidea erakusten duen soinekoa. Irudigilea: Sylvain Sencristo

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleek Baxoa azterketa dute gaurdanik. Gaiak euskaraz ikasi arren, frantsesez egin beharko dute azterketa. Bai azterketa, baita etorkizuneko ikasketa bidea egin beharko ere. Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunen ehuneko hiruak (%3ak) baino ez ditu ikasketak euskaraz jarraitzen baxoa gainditu ondoren.

Hauxe salbuespen bakarra: Matematika eta Historia-Geografia euskaraz egin dezakete, hala ere, galderak frantses hutsean egiten zaizkie.

Iparraldean ez dago goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko eskaintzarik. Salbuespen bakarra dago honetan ere: Baionako Fakultatean Euskal Ikasketetako lizentzia egin daiteke euskaraz. Lizentzia hori lortzen dutenak Hegoaldera joan ohi dira, baldin eta baxoa gainditzen badute.

Euskal Konfederazioak biltzera deitu du azterketaren karietara:

Baxoko ikasgai guziak euskaraz pasatzeko eskubidearen alde!

Urteak etorri urteak joan, Seaskako Etxepare lizeoko ikasleek oztopo berarekin egiten dute topo: nahiz eta ikasketak osoki euskaraz segitu, historia, geografia eta matematika ikasgaiak bakarrik pasa ditzakete euskaraz, gaineratekoak frantsesez egitera behartuak direlarik.

Euskara eta euskaraz ikasten duen ikasle kopurua urtez urte emendatzen den arren eta euskararen garapenaren garrantzia (irakaskuntza arloan besteak beste) behin eta berriz azpimarratzen delarik, Baxoan euskara erabili nahi duten ikasleen eskubide urraketa hori onartezina da.

Horren salatzeko, Euskal Konfederazioak Baxoa Euskaraz dinamikak antolatu elkarretaratzearekin bat egin eta euskaltzale guziak deitzen ditu ekainaren 15ean, 12:00etan, asteazkenean, Baionako Cassin Lizeoaren aitzinean biltzera.