Ipar Euskal Herriko ikasleek hasi dituzte baxoko azterketak. Oraindik, ordea, ez dute guztia euskaraz egiteko aukerarik, eta "Aitzina pausoa, euskaraz baxoa!" lelopean elkarretaratzea egin dute Angeluko Sainte-Anne lizeoaren aurrean lehen azterketa egunean, ekainaren 15ean.
Ehunka gazte bildu dira Angelun salatzeko frantsesez egitera behartuta daudela oraindik ere lizeo bukaerako azterketa. Seaskak, Baxoa Euskaraz ikasle kolektiboak eta Etxepare Lizeoak deitutako elkarretaratzean gazteekin batera izan dira guraso eta irakasleak ere. Gaur egun, matematikako eta historiako azterketak soilik egin ditzakete ikasleek euskaraz, eta urteroko aldarrikapena argia da: baxoa euskaraz.