Seaskak, Etxepare Lizeoak eta Baxoa Euskaraz! Ikasle kolektiboak deituta, 12:00etan egingo da elkarretaratzea Baionako René Cassin lizeo aurrean.
Frantziako estatuan bigarren mailako ikasketen amaiera bermatu eta goi mailako ikasketak egin ahal izateko behar den titulua da Baxoa. Ipar Euskal Herrian astelehenean hasten dira titulua lortzera bidean egin beharreko azterketa idatziak. Eta urteetako aldarrikapenari jarraiki, aurten ere hainbat ikasleak azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuko dute, legeak horretarako aukera eskaintzen duela gogoraraziz.
Seaskak adierazi duenez, beste urte batez “ikasleei azterketa euskaraz pasatzea debekatuko zaie”. Uste berekoa da Hezkunde Ministerioa ere, “Euskararen Erakunde Publikoaren bidez azterketak euskaraz egiteko urratsak eman badira ere” egungo egoera aldatzeko borondaterik erakutsi ez dutela baiteritzote.
Elkarretaratzean beste arazo bat ere azaleratuko dute eta konponbidea eskatu. Datorren ikasturtera begira ikasle kopuru aldetik espero den igoerak 25 irakasleren faltan uzten ditu, Seaskaren arabera. Ikastolen Federazioak gehitu duenez, “Hezkunde Ministerioaren proposamena kopuru horretatik urruti” geratzen da.