Bigarren Hezkuntzaren amaieran egiten den baxoa azterketa bere horretan mantenduko du Frantziako Gobernuak. Ikasleak kontra agertu dira eta ebaluaketa jarraia egokiagoa dela defendatzen dute. Protestak izan dira Ipar Euskal Herriko hainbat lizeotan.
Baxoa azterketa bere horretan mantenduko du Gobernuak, pandemia garaian kurtsoa aurrera eramateko gora-beherak izan arren. Herrialde osoan izan dira erabakiaren kontrako protestak eta azken asteetan Ipar Euskal Herriko ikasleek ere mobilizazioak burutu dituzte.
Ipar Euskal Herriko kolegio eta lizeoak maiatzaren 3an itzuli ziren ikasgeletara. Kolegioetan modu presentzialera itzuli dira eta lizeoetan irakaskuntza “hibridoa” daukate, hau da, txandaka ikasleen erdia ikasgelatik eta besteak etxetik.
Egun horretan bertan, Baionako Cassin lizeoko eta Donibane Lohizuneko Ravel lizeoko ikasleek UNL Frantziako lizeotarren batasunak deituta, protesta egin zuten baxoko azterketak mantenduko dituztelako. Astelehen honetan ordea Bernat Etxepare lizeoan izan dira protestak. Frantziako Hezkuntza ministro Jean Michel Blanquerrek prentsaurreko bidez jakinarazi zuenez, bere horretan utziko dituzte azterketak: “Gure helburua da ahalik eta baldintza normalenak eskaintzea ikasleei”.
Ikasleen ustez ordea, ebaluaketa jarraia egokiagoa da 2021eko baxoaren notarako. Ez daude ados gobernuaren erabakiarekin eta parekotasun eza sortzen duela salatu dute ikasleek.
Horrez gain, Seaskako ikasleek urtero baxoari begirako beste aldarrikapen bat izaten dute: azterketa euskaraz egin ahal izatea. Gaur egun Historia-Geografia eta Matematika baino ezin ditzakete egin euskaraz eta beste guztiak frantsesez. Horregatik, ikasle, irakasle eta gurasoek protestak egiten dituzte urtero. Azterketen zuzenketak ere Pauen egiten dira, irakasle frantsesdunek zuzendu ditzaten.
Iragan astean baxoa proba presentziala egitearen aurka diren ikasleek blokeoak egin zituzten Ipar Euskal Herriko ikastetxetan hala nola Cassin edo Ravel lizeotan. Gaur goizean Bernat Etxepare lizeoan burutu dute protesta. pic.twitter.com/Zk4wE2fNki
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) May 10, 2021