argia.eus
INPRIMATU
Batzuk zukutu, besteak gizentzeko
  • Batzuek, euren xalotasunean, uste dute kapitalismoa Europan arautu daitekeela Europako Parlamentuaren bidez. El País egunkari espainiarreko zutabegile batek, parlamentu hori buruan, zera zioen: “Kapitalismoa menderaezina da arautzeko borondate politikorik ez badago”. Baina nire ustez ez dago kapitalismoa arautuko duenik, eta egunez egun ikusten dugu. Hemen hiru adibide, prentsako hiru albisteren bidez.

Juan Mari Arregi 2021eko martxoaren 25

Bat. Goldman Sachs AEBetako inbertsio bankuko langileek astean 95 orduko lanaldia dute; lantalde horietako batek “astean 80 orduko muga ez gainditzea eta ostiral gaueko 21:00etatik igande goizera arteko atsedena errespetatzea” eskatu du. Horrela, banku horretan sartzea onartu dute, “etorkizuneko soldata zorabiagarria izango delako”, korrespontsalaren arabera.

Bi. Bilboko lan-arloko epaitegi batek 285 rider-ek Glovo zerbitzu enpresaren praktiken aurka jarritako salaketa du aztergai. Enpresa honen lan eredua prekarietate izugarrian dago oinarriturik, lan-puntuazioa hartzen du kontuan, eta, horrela, langileak bere baldintza eskasak muturrera eramatera bultzatzen ditu –atsedenik ez hartzea kasu–, kontratazioen gurpilean jarraitzeko.

Hiru. Telefonicak, bestalde, bere Batzar Orokorrari  proposatuko dio enpresako 809 zuzendariei 200 milioi euroko saria ematea, hiru ziklotan banatutako bost urteren buruan. Horrela, presidenteak, lortzen badu neurri hori onartzea, 5,6 milioi euro gehiago jasoko ditu lehen zikloan; kontseilari delegatuak, 4,68 milioi, eta horrela gainerako zuzendariek. Horretarako helburu batzuk lortu beharko dituzte baina: kutxako akzioen kotizazioa eta kaxa fluxua handitzea, eta isuri kutsatzaileak ezabatzea.

Hori da kapitalismo huts eta gogorra: langileak zukutzea eta bere kudeatzaileen bankuetako kontuak gizentzea.