argia.eus
INPRIMATU
Batzorde bat osatu dute New Yorken herritar beltzek jasandako diskriminazioa erreparatzeko
  • Komisio berriak ikergai izango ditu etxebizitzaren eta espetxeratzearen arloko diskriminazioa eta diru-sarreren desberdinatasuna. AEBetako hirugarren estatua izango da horrelako batzorde bat sortu duena.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 21a
Argazkia: Pexels

New Yorkeko gobernadore Kathy Hochulek batzorde bat sortzeko lege-proiektua sinatu du. Komisio horren helburua newyorktar beltzek jasandako diskriminazioa erreparatzea da, izan ere, esklabotza eta arrazakeriak utzitako ondarearen ondorioz, oraindik bereizkeria egiten jarraitzen dute gizarteko arlo askotan.

Besteak beste, etxebizitzaren, poliziaren zaintzaren eta espetxeratzearen arloko diskriminazioa eta diru-sarreren desberdintasuna ikertuko ditu batzordeak. Kontraldor Bulegoak aztertu duenez, herritar zurien ondarea beltzena baino hamabost aldiz handiagoa da.

New York izango da horrelako batzorde bat ezarriko duen hirugarren estatua AEBetan, Kalifornia eta Ilinois ondoren. Eskubide zibilen aldeko ekintzaile Al Sharptonek adierazi du batzordea eratuta “historia” egiten ari direla: “Ez dakit nora helduko den batzordea, baina badakit historia egin dela, batzorde bat dagoelako eta errekonozimendua dagoelako. Eta batzuetan, mina kendu ezin bada ere, asko irabazten dugu gauzak konpondu behar direla onartzean”. Batzordeak gomendioak egiteko aukera izango du, baina Estatua ez dago behartuta proposamenak betetzera.