argia.eus
INPRIMATU
Batzarre Ahal Dugu-rekin eta Ezker Batuarekin aurkeztuko da A10eko hauteskundeetara
  • Jarraitzaileen %74k egin dute formula horren alde, barne bozketan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko irailaren 30
Batzarreren batzar orokorreko kideak, artxiboko irudi batean.

Batzarreren jarraitzaileei bi aukera eskaini dizkiete: koalizioa errepikatzea ala hauteskundeetara ez aurkeztea. Ez dute mahai gainean jarri Iñigo Errejonek sorturiko Mas Pais-ekin aurkezteko aukera. Orotara 122 lagunek parte hartu dute barne bozketan: 91k formula errepikatzearen alde egin dute, eta 31k ez aurkeztearen alde.

Emaitzak Batzarrek berak zabaldu ditu, prentsa ohar baten bitartez. Hartan garrantzitsutzat jo du Unidas Podemos hautagaitzaren alde egitea, “ezker alternatiboak ahalik eta indar gehien eduki dezan”; izan ere, “eskuinaren eta eskuin muturraren gobernuaren arriskua presente izan da eta presente izanen da”. “Gehiengo sozial aurrerakoiak dezepzio handia pairatu du ezkerreko indarrek akordiorik ez dutela lortu ikusita, baina halere garrantzitsua da hurrengo hauteskundeetan parte hartzea”, gaineratu du.

Izquierda Ezkerra koalizioan tira-birak izan dituzte azken hilabeteotan, Nafarroako Gobernuaren eraketaren kontura. Koalizioa Ezker Batuak eta Batzarrek osatzen dute. Bi indarrak zeuden gobernua sustengatzearen alde, baina EBk kanpotik egin nahi zuen, eta Batzarrek barrutik. Azkenean, Batzarreko Txema Mauleonek Eskubide Sozialen departamentuko kabinete buru izaten segitu du. Aurreko legealdian, postu hori bera izan zuen.