argia.eus
INPRIMATU
Batxilergora igarotzeko azterketa aurreikusten du Heziberriren azken bertsioak
  • Hurrengo ikasturtetik aurrera EAEko ikastetxeetan ezarriko duten curriculuma aurkeztu die gaur Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak arloko eragileei: Heziberri 2020 planaren bigarren bertsioa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko otsailaren 18a
Eskola Kontseiluak bere eskumenak mantentzea ere ahalbidetuko du Cristina Uriarteren planak.

Heziberriren lehenengo zirriborroa 2014ko urri bukaeran aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta eragileak aurka agertu ziren nabarmen, testuak ez ziolako LOMCEri aurre egiten.

Eragileen ekarpenak eta kritikak entzun ostean, bigarren bertsioa aurkeztu du asteazkenean Uriartek. Testu berriak honako puntuak jasotzen ditu, besteak beste:

- Batxilergora igarotzeko azterketa. LOMCEk erabiltzen duen “errebalida” hitza saihesten duen arren, EAEko ikasleek azterketa gainditu beharko dute DBH 4 amaitzean, Batxilergoa egin ahal izateko. Gainditzen ez dutenek titulua eskuratzeko ikasturte berezi bat egiteko aukera izango dute.

- Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan ebaluazioak. Diagnostiko ebaluazioak izango dira eta beraz hasiera batean ez lukete ondorio akademikorik izan beharko.

- 16 urterekin erabakiko dute unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren artean. LOMCEk dio 14 urterekin hartu behar dutela erabakia gazteek, hortik aurrera bide bereiziak egingo baitituzte batzuek eta besteek, baina EAEn curriculum bera jarraituko dute (Espainian baino ikasgai gehiago emango dituzte orotara), erabakia 16 urtera arte atzeratu ahal izateko.

- Hizkuntza ereduak mantenduko dira. A, B eta D ereduak mantenduko dira ikastetxeetan, A ereduan euskara gehiago txertatuz eta ikastetxe bakoitzari bere proiektua garatzeko aukera eskainiz.

- Erlijioa eskainiko da. Erlijioa derrigor eskainiko da, hautazko ikasgai moduan. Erlijioa ikasi nahi ez duenak, baloreei buruzko beste ikasgai bat ikasi beharko du eta bata zein bestea akademikoki ebaluatuko dira.

- Eskola Kontseiluak bere eskumenak mantenduko ditu. LOMCEk dioenaren aurka, Eskola Kontseiluak bere eskumenak mantentzea aurreikusten du Heziberrik. Gainera, antolatzeko eta edukiak lantzeko autonomia handiagoa ematen die ikastetxeei bigarren bertsio honek.

Lehenengo erreakzioak

ELA eta STEILAS sindikatuak ez dira joan Cristina Uriartek deituriko bilerara, Heziberrik LOMCEri ateak irekitzen dizkiola argudiatuta. Zehazki, Heziberrik “LOMCEri men” egiten diola adierazi du ELAko Xabier Irastorzak.

Ikastolen Elkarteak berriz, bigarren bertsio honetan LOMCEtik aldentzeko Jaurlaritzak egin duen “ahalegina” aintzat hartu du. Hala ere, Heziberri hainbat arlotan LOMCEk baldintzatua dagoela gaineratu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. "Departamentuaren ahalegina baloratzen dugun arren, argi utzi nahi dugu dekretu hauek ez direla ikastolok diseinatuko genituzkeenak, gure hezkuntza ereduak bere oinarria eta ardatza euskal curriculumean dituelako", adierazi du.