argia.eus
INPRIMATU
Batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak ez ditu diru publikoz finantzatuko Nafarroako Gobernuak
  • Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzte Opus Dei-ren Irabia-Izaga eta Miravalles-Redin ikastetxeetan, eta ondorioz, urratu egiten dute finantzaketa ituna. Hezkuntza Departamentuak irailean eman zuen segregazioaren berri, eta bi ikastetxeek aurkeztutako alegazioak atzera botata, Nafarroako Gobernuak erabaki du 2023-2024 ikasturtean ituna ez luzatzea. Batxilergoko zikloei eragingo die erabakiak, LH eta DBH zikloetan segregazioa era mailakatuan amaitzeko akordioa baitute sinatuta bi aldeek.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 30

Nafarroako Gobernuak astelehenean jakinarazi die Irabia-Izaga eta Miravalles-Redin ikastetxeei finantzaketa ituna bertan behera utziko dutela, beronen baldintzak ez dituztelako betetzen. Izan ere, bi ikastetxeek ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzte, eta horrek ituna urratzen du. Opus Dei-renak dira bi ikastetxeak.

2022ko irailetik jakina zen bi zentroek sexuaren araberako bereizketa mantentzen zutela. Hezkuntza Departamentuko ikuskaritza zerbitzuak salatu zituen, oharturik ez zirela LOMLOE legea aplikatzen ari Batxilergoari dagokionez. Espainiako hezkuntza legeak jasotzen duenez, ikaslegoari sexuaren araberako bereizketa aplikatzen dioten ikastetxeek ezin baitezakete diru publikorik jaso. Hezkuntza Departamentuak egindako salaketaren aurrean alegazioak aurkeztu dituzte bai Irabia-Izagak bai Miravalles-Redinek, itunak eteteko prozesua ikasturte oso batez atzeratuz. Alegazioak atzera botata, urtarrilaren 30ean eman die ituna eteteko erabakiaren berri, eta 2023ko abuztuaren 31tik aurrera izango du erabakiak praktikan isla. Alegia, 2023-2024 ikasturteari eragingo dio.

Gobernuaren erabakiak ez ditu hezkuntza ziklo guztiak baldintzatzen, eta Batxilergoan aplikatuko da bakarrik. Izan ere, LH eta DBH zikloei begira, segregazioa era mailakatuan ezabatzeko akordioa dute sinatuta ikastetxeek eta gobernuak. LHko lehen mailatik ikasleak "era progresiboan" nahasteko konpromisoa dute hartua ikastetxeek: iaz hasi ziren segregazioa hausten, 1. mailako ikasleekin; aurten 1. mailako ikasleak eta 2. mailakoak ez dituzte sexuaren arabera bereizi, eta espero da hurrengo ikasturteetan geroz eta maila gehiagotan aplikatzea segregazioaren aurkako neurria. Sexu bereizketa desagerrarazteko epe-mugatzat 2026-2027ko ikasturtea zehaztu du Hezkuntza Departamentuak.

Batxilergoan, ordea, ez dago mailakako konpromisoentzako tokirik, eta LOMLOEn arabera, Batxilergoan ezin da gisako bereizketarik egin. Hala bada, ziklo horretan ituna ez du luzatuko gobernuak.