Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate "orokor" bat sortuko dituzte.
Espainiako Gobernuak datorren ikasturtean jarri nahi du martxan abenduan onartu zuen Lomloe hezkuntza legea. Autonomia erkidegoetako ordezkariak atzo bildu ziren Hezkuntza Batzorde Orokorrarekin, eta planteatzen diren aldaketen nondik norakoak ezagutu zituzten. Erkidegoetako arduradunek denbora izango dute proposamenak egiteko: 2022-2023 ikasturtean Lomloe maila bakoitietan sartuko da indarrean; hurrengo urtean, bikoitietan.
El País hedabidek jaso duen dokumentu ofizialean ikus daitekeenez, hezkuntza legean aurreikusten diren erabakiek guztiz aldatuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketetako eta Batxilergoko bi urteetako curriculum akademikoa. DBHn hautazko ikasgai gehiago jartzea proposatzen dute, Wert legeak proposatutako ibilbide zurrunaren aurrean, "ikasleei autonomia gehiago emateko". Batxilergoan, berriz, bost modalitate eskainiko dituzte, egun irakasten diren hiru aukerak beharrean.
Bigarren hezkuntzako lehenengo eta hirugarren mailen artean, Teknologia eta Digitalizazioa izeneko ikasgaia izango dute gazteek, laugarren mailan, bi adarretan banatu eta hautazko gisa eskainiko dena: Teknologia, batetik edo Digitalizazioa, bestetik. Maila horien artean, baita, Balore Zibikoak eta Etikoak ikasgaia eskainiko da, lehen hezkuntzan bosgarren edo seigarren mailan irakatsiko den ikasgaiaren jarraipen gisa.
Aldaketa nabarmenenak, laugarren mailan ezarriko dira. Ekonomia ikasgaiari Ekonomia eta Ekintzailetza izena emango diote, eta curriculum akademikoa lotuago egongo da sormenerako eta ekimenerako nahia bultzatzera. Eremu pertsonalerako eta lan arloko gaitasunak garatzeko ere hautazko irakasgai bat eskainiko da maila horretan: Prestakuntza eta Orientazio Pertsonala eta Profesionala.
Azken honek psikologiarekin, soziologiarekin eta antropologiarekin lotutako ezagutzak eskainiko dituela esan dute gobernutik. Horrela, derrigorrezko hezkuntzatik desagerrarazi duten Filosofia ikasgaiaren lekua hartuko duela azaldu dute. Ikasgaia derrigorrezkoa izango da Batxilergoko lehen mailan eta bigarrenean (Fiolosofiaren Historia izenpean), baina hainbat eragilek salatu dute Filosofia gida akademikotik kendu egingo dutela, eta hori onartezina dela.
Egun dauden hiru batxilergoko ibildeetan ere aldaketak planteatu ditu Lomloek. Arteetako modalitatea bitan banatzea proposatu dute: batetik, musika eta arte eszenikoei lotutako ibilbidea eta bestetik, arte plastikoekin, irudiarekin eta diseinuarekin lotura duena. Horretaz gain, Batxilergo Orokorra izeneko modalitatea ere sortuko dute, zientzietako eta letretako ezagutzak uztartzea helburu duen aukera. Gauzak horrela, bost batxilergo eskainiko dituzte: Zientziak eta Teknologia zein Gizarte Zientziak (lehendik mantendu direnak) eta Batxilergo Orokorra eta arteetako bi modalitateak.
Guztiek ikasgai komunak izango dituzte bi urteetan. Baina hautazko materiak eta modalitaterako espezifikoak direnak ezberdinak izango dira. Batxilergo Orokorraren lehen urtean, Matematika Orokorrak egongo dira, eta bigarren mailan, Zientzia Orokorrak. Hautazkoen artean, bi izango dituzte urte bakoitzean: Ekonomia, Ekintzailetza eta Enpresa ekintza lehen mailan, eta Mugimendu Kulturalak eta Artistikoak edo beste batxilergo modalitateetan eskaintzen diren hautazkoetako edozein, bigarrenean.
Gobernuak emandako informazioaren arabera, beste modalitateetako ikasgaiak nahasten dituen aukera hori zer egin argi ez daukaten gazteei dago zuzenduta. Era berean, baliagarria izango ei da batxilergoa bukatu ondoren Lanbide Heziketara joan nahi duten ikasleentzat edo ezagutza orokorrak biltzen dituen unibertsitate tituluak (Kazetaritza kasu) ikasi nahi dituztenentzat.
Zientzia eta Teknologiako batxilergoan eta Gizarte Zientzietakoan ere aldaketa txiki batzuk planteatu dira. Lehenengoan, ikasleei aukera emango zaie zientzietako matematikak ikasteaz gain, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikak ikasteko. Bigarren modalitatean, gazteek ez dute latinaren eta matematika aplikatuen artean aukeratu beharko, bata hautazkotzat eta bestea derrigorrezkotzat ikasi ahal izango baitute.
Arteetako modalitatean eta zientzietakoan aukeratu daitekeen Marrazketa Teknikoa ikasgaia birplanteatu egingo da. Teknologiarekin eta arkitekturarekin lotura duten ikasketak egin nahi dituztenentzeko bideratutako ikasgaia izango da batzuentzat, eta arte plastikoetara bideratuta egongo da horrekin lotura duen zerbait ikasi nahi dutenentzat.