argia.eus
INPRIMATU
Batu! aurkeztu dute Ezkerraldean, langileen antolakuntza bultzatzeko
  • Langileen eta herritarren auto-antolakuntzaren bidez, batasuna, elkartasuna eta klase-borroka sustatu nahi du Batu! kolektibo sortu berriak. Ezkerraldea eta inguruak izango ditu jardunerako eremu.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko otsailaren 21a
Argazkia: Batu!

Larunbatean eman zuen ezagutzera bere burua Ezkerraldeko Batu! taldeak. "Klase kontzientzia bereko hainbat arlotako langileez eta langileentzat osatutako kolektibo" gisa aurkeztu zuen bere burua, eta egungo egoerari buelta ematea du helburu nagusitzat.

Bizitzeko beharrezkoak diren beharrizanen –janaria, argia, alokairua edota erregaia, besteak beste– garestitzearen ondorioz gertatzen ari den gehiengoaren pobretzeari egin diote erreferentzia aurkezpen oharrean, seinalatuz desoreka ari dela ematen bizitzaren kostuaren eta langile-klasearen soldaten artean. "Nolanahi ere –egin du irakurketa kolektiboak– kapitalaren eraso zabal eta basati hau ez da ezerezetik sortu. Urteetan emandako desmobilizazio sozialak, informazioaren kontrolak, kontzientzien indibidualizazioak edo sindikatu edota ustezko alderdi ezkertiarrak bezalako defentsa-mekanismo klasikoak sisteman sartzeak eragin handia izan dute prozesu honetan guztian". Eta horri guztiari COVID-19a gehitu behar zaio Batu!-ren arabera, iritzirik pandemia aurretik justifikaezinak zirenak justifikatzeko ke-gortina zabaltzeko baliatu dela birusak eragindako testuingurua. Egoera hori da irauli nahi duena kolektibo berriak.

Bilakaera horren aurrean herritarrek emandako erantzuna "ahula" izan dela deritzo kolektiboak, baina hala ere balioa eman dio. "Sektore herrikoietatik sortutako langile-kolektiboak zein kolektibo-sozialak eredu izan dira eta hartu beharreko bidea zein den argi erakutsi digute; batasunaren, elkartasunaren, borrokaren eta aldarrikapen aktiboaren bidea, alegia". Hain justu, bide hori da Batu!-k hartu duena, eginkizuntzat hartuta "batasuna, elkartasuna eta klase-borroka sustatzea, langileen eta herritarren auto-antolakuntzaren bidez". Zehazki Ezkerraldeko eta inguruetako lantokietako borroketan eragiteko nahia agertu du kolektiboak, gatazka horiek auzo eta plazetara zabaldu asmoz.

Ezagutzera ematearekin batera, prekarietatea pairatzen duten horiei kolektibora batzeko dei egin die Batu!-k.