argia.eus
INPRIMATU
Battit Ibargarai, Lasan mahastizain
“Familiaren pentze bat besteri uztea ez da errex, bainan indarrak elkartu behar ditugu”
  • Battitt Ibargarai Lasako (Nafarroa Beherean) Xubialdea baserrian ari da laborari. Ardiekin hasirik, mahasti eta ardogintzara egin du jauzi. Etxaldeko lur batzuk baratzegintzan hasi diren gazteei alokatu dizkie. Aitortzen du ez dela erraza izan psikologikoki.

Laborari 2016ko otsailaren 02a
Battitta Ibargaraik aurten merkaturatuko du bere lehenbiziko ardoa Irouleguy sor-markan. (Argazkia: Laborari)

Lasako Xubialdea etxaldean instalatua zira….
Bai 1,30 hektara mahasti badut, Irulegi sor markan. 1,60 ha uzten diegu (alokatuz) Sebastien eta Marie-Rose baratzezainer eta 5 ha pentze eta arditeia auzoko artzain bati. Baratzezaina eta ni biologikoan gira. Aurten lehen aldikotz mahatsa transformatu dut arnoz, direktoki saltzeko.

Etxalde huntan mahastegintzan aritzeko usaiarik ez zen, hazkuntza zen gehiago, bainan nik hortan nahi nuen segitu. Ttipi ttipitik kasko gogorra dut eta ideia bat badutalarik entseatzen naiz bururaino eramaitea, ez bada beti errex ere.

Betidanik laborari izaiteko gogoa ukan duzu?
Ene burrasoak ez dira laborariak bainan beti hemen nintzan. Aitatxirekin mahastiaren gustoa ukan dut, deia bazen mahasti ttipi bat hemen, hektara erdi batean. Ene proiektua mahastia ukaitea izan da beti. S baxoa ukan eta Blanqueforten BTS “viticulture- Oenologie” segitu dut. Lau urtez Bordelen lan egin dut, bi gazteluetan. Gero bi urtez Mixel eta Thérèse Riouspeyrous-en “Arretxea” etxaldean langile egon nintzan.

Instalatzeko gogoa banuen bainan uste baino fiteago instalatu nintzan, ene otto zendu zelarik, aktibitatea segitzeko. 2008an instalatu nintzan, ardi esnedunekin segituz eta 2009an hasi niz mahasti landatzen. Urte bat ezarri dut oreka baten harrapatzeko, gauzak ikasteko hazkuntzan. Otto laguntzen nuen etxaldean, hazkuntza maite nuen bainan ez nakien ardiak nola eta noiz bazkatu…

Berehala BLE elkartean sartu nintzen eta gauza ainitz ikasi ditut. Mixel eta Thérèse deia biologikoan ziren eta konziente nintzan gure osagarriendako eta ingurumenarendako beste laborantxa bat behar zela plantan ezarri, eta naturalki biologikorat joan nintzen. 2012an lurrak biologikoan nituen, eta sei hilabete berantago ardiak. 2011an agalaxia bildu dut eta zangoz gora ezarri ditu ene proiektuak. Esnea apaldu da eta ardiak ez dira sekulan untsa jarri.

Hautatu duzu mahastegintzan espezializatzea?
2009an lehengo mahastia errotik ateratu dut eta mahats xuri ondoak, Izkiriota haundia eta ttipia, hasi naiz landatzen. Xuria hautatu dut ainitz galde bazelakotz eta mahats mota horiek azkarrenetan direlakotz. Egun 10.000 ondo baditut hektara batean, lerroak aski hertsiak dira, erremu ttipi hori nahi nuen untsa baliatu. Mahastiak hiru urte behar zuen lehen golkoak emaiteko eta behar zen zerbaitetaz bizi ere. Ardiak atxiki nituen bainan bi gauzak ez nituen untsa egiten ahal. 2015ko uztailan ardiak utzi ditut. Psikologigoki zaila izan da hautu baten egitea, ez ene gatik bainan jendeek erranen zutelakoaren gatik… Bizpahiru urte ezarri dut oreka baten atzemaiteko eta hautu hunen egiteko.

Orain mahastizaitzan ezpezializatua niz, biologikoan. Tratamenduetan bakarrik kobrea eta sufrea ezartzen ditut eta lan ainitz eskuz egiten dut. Lehen errekolta 2012an egin dut. Mahatsa Riouspeyrousi saltzen nuen, jaz arte. 2012an ez zen ainitz, 2013an urte txarra izan zen eta 2014an lehen uzta aski ederra atera da. Horrek ekoizpenaren transformatzeko ideia eman daut. Urte guzian lanean aritzea eta gero bere haurraren uztea zaila da. Mixel eta Thérèsek beti sustengatu naute, laguntza bikaina. Xori bati konparatzen dut hori : hegaldatzen delarik, partitzen da eta ez da heltzen, berriz partitzen da eta ez da heltzen, eta azkenean airatzen da.

2015an lehen arnoa atera duzu?
Lehengo barrukia arrañatu dut sotoaren egiteko. Ez dut inbestizamendu handirik egin, inoxezko dupak eta ponpa bat erosi ditut. Agorrilan harriak jo du mahastia eta aski zaila izan da. Azkenean ikusi dut emeki emeki berriz partitzen zela, beharrik azkarra zen. Aintzina segi eta urriaren 11n bildu dut eta Bordaxurian tinkatu.

Dupetan ezarri dut eta pentsu dut 3000 boteila eginen dituztalamartxo undarrean. Nahi nuke etxaldetik direktoki saldu, partikulareri eta hemengo ostatueri. Saltzeko, komunikazioa landu behar dut. Desafio berri bat da, pasatu dituztan garai txarretatik pasatuta, txarrenak gibelean dira, agian bai, zilotik ateratzeko bidean naizela.

Baratzegintza biologikoan ari direneri lurrak uztea hautatu duzu?
Ez nuen lur horien beharrik eta entzun dut leku bat xekatzen zutela beren aktibitatearen garatzeko. “Bail à long terme” [epe luzerako alogera ], 25 urtendako egin dugu, kanporatuak izaiteko beldurrik ez dezaten ukan. Kanpañak husten ari dira guregatik ere. Nunbaitetik heldu den jende bati familiaren pentze bat uztea ez da errex, bainan indarrak egin behar ditugu. Egin ahala biologikoan segitzea importanta zen ere. Ber pentsamoldea, ber filosofia dugu, biologikoa, ekoizpena etxetik saltzeko gogoa, karguen egin ahala ttipitzea gure aktibitatetik bizitzeko…  Bestalde Xubialde etxaldean presentzia baten ukaiteak plazer egiten du. Eskukaldi bat behar balin bada, elgar laguntzen ahal gira. Salmentari buruz interesenta izaiten ahal da, Xubialdea etxaldera klientak hurbilarazteko ere.

Instalatzera bultzatu behar dela jendea uste duzu?
Behar da konfiantza ukan. Ez da bakarrik hazkuntza, bada ere baratzegintza, mahastigintza… bainan hori ez da beti konprenitua. Sistemaz beharko da kanbiatu ere. Leheno egun guziz lanean ari ziren bizitzeko orain besteen biziarazteko da. Ez da beti lanari pentsatu behar, lana eta bizi pribatuaren artean oreka bat arrapatzea beharrezkoa da. Ni anitz jujatu naute, ene manerak, beste aterabideak xekatu baititut bakarrik artzeko eta ondoan bizitzeko. Behar da elgarrekin lan egin. Adibidez belaunaldi gazte eta motibatua gira Irulegi sor markaren inguruan. Ainitz Bordelen ibili gira ikastaldietan eta anitz Arretxea etxaldetik pasatu gira, ezinbestekoa den eskolan. Maila egin ahala onean atxiki eta garatu nahi dugu sor marka, kalitate ona egin. Bada lekua, bada lana, bainan mahastigintza behar da untsa jakin eta gustoa ukan behar da.