Iñigo Iruinek Espainiako Epaitegi Gorenaren azken epaiaz egiten duen irakurketa eta auzipetuek emango dioten erantzun juridikoa azaldu du prentsaurrekoan, bost auzipetuekin batera. Prozesu “luzea” izango dela iragarri du.
Gorenaren azken epaia Estrasburgok eta aurretik Gorenak berak emandakoen aurka egiten duela ziurtatu du Iruinek. Epaiaren kalitate juridikoaren “eskasak” “harritu” duela ziurtatu du: “Kalitate juridiko eskas hori juridikoki sostengaezina den posizio bat sostengatzeko zailtasunaren ondorio logikoa da».
Abokatuak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura joko dutela Bateragune auziko auzipetuen defentsan. Ondorenerako ekimen gehiago dituzte aurreikusiak, baina ez du horien berri eman. Konstituzionalean babes helegitea aurkeztuko dute auzipetuek. Argudio nagusia oinarrizko printzipio juridiko bat urratu dela izango da: delitu berdinarengatik bi aldiz epaitua izateko ezintasuna. Iruinek ziurtzat jo du Konstituzionalak tramitera onartuko duela helegitea, eta hori gertatzean helegitea bere ebatzi arte epaiketarik ez egitea eskatuko dute.
Europan, hasteko Europako Batzordeko Ministroen Kontseiluan aurkeztuko dute helegitea. Estatuek Estrasburgoko sententziak betearazten dituzten aztertzen du Ministroen kontseiluak. Iruinek aitortu du izaera “politiko” argia duela marko horrek, baina ondoren berriz ere Estrasburgoko atea jotzeko aukera eman dezakeela azaldu du.
Hemen Iñigo Iruinen agerraldia osorik: