argia.eus
INPRIMATU
Bateraguneko auzipetuek ez zutela epaiketa justurik izan ebatzi du Estrasburgok
  • Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak aho batez ebatzi du ez zutela epaiketa justurik izan Bateraguneko bost auzipetuek. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok inpartzialitate eza eta errugabetasun printzipioa urratu zituela salatuz jo zuten Europara, eta astearte goizean arrazoia eman diete. Bost pertsona hauek zigorra osorik bete dute espetxean: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 06a
Bateragune auziko bost epaituak: Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto eat Arkaitz Rodriguez.

Estrasburgok ebatzi behar zuen ea ezker abertzaleko kide hauek epaiketa "justua" izan zuten ala ez. Europako Hitzarmenaren 6.1 artikulua horrela hasten da: "Pertsona orok du eskubidea bere kausa entzuna izateko modu bidezko eta publikoan, arrazoizko epe batean, auzitegi independente eta inpartzial baten aurrean".

Sententziak ezarri du aipatu artikulua urratu zutela. Sei urte eta sei urte eta erdi arteko zigorrak bete zituzten aipatu auzipetuek.

Honakoa dio hitzez hitz epaiak (ingelesez):

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ondorengoa ebatzi du aho batez:

Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 6.1 artikuluaren urraketa izan dela (epaiketa justua izateko eskubidea).

Eskatzaileek salatu dute ETA erakundeko kide izatea egotzita zigortu zituzten epaileen joera.

Auzitegiak erabaki du, kasu honetako lehen auzi-jartzaileak aurretik irabazia zion ETArekin lotutako kargu ezberdinengatik jasotako zigorraren apelazioan, epaileak inpartzialtasun falta adierazi zuelako. Horrek epaileen panel osoa kutsatu zuen eta epaiketa berri bat ondorioztatu zuen.

Panel berak, aurreko epaiketaren buru izan zen epaileak barne, urtebete beranduago, bost auzi-eskatzaileak zigortu zituen beste kargu batzuengatik abiatutako bigarren prozedura-serie batean. Beraz, auzi-eskatzaileek objektiboki justifikatu zuten beren kasuko epaileek ez zutela inpartzialtasunik.

Lotura honetan irakur daiteke Estrasburgoko Auzitegiak atera duen epaia.