Auzitegi Goreneko bigarren aretoko hamasei epaileen artean erabaki dute, abenduaren 14an, "Bateragune" auzia berriz irekiko dutela. Aho batez hartu dute erabakia eta Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo litzateke. Beraz, berriz epaituko dituzte Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodríguez, nahiz eta denen artean 31 urteko kartzela zigor osoa bete zuten. Lehen aldia da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetutako epai bat berriz zabaltzen dena. Manuel Marchena epaileak zabaldu zuen zirrikitua egoera honetara iristeko.
Naiz hedabideak jaso duenez, epaileek epaiketa errepikatzea erabaki dute Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 7 protokoloaren 4.2 artikulua kontuan hartuta, zeinak salbuesten baitu epaiketa birritan egiteko debekua auzi honen modukoetan. Erabakia hartzeko aretoaren beraren jurisprudentziaren aurrekarietan ere oinarritu direla adierazi dute epaileek.
Erabakia jakin aurretik Naiz hedabidean Ramon Solak eta Berrian Maddi Ane Txoperenak landutako aurrekariak ekarri ditugu ARGIAra. Hauetatik jasotakoa laburtuko dugu jarraian:
2009an atxilotu eta 2011n epaitu zituzten "Bateragune" auzian bost kide hauek eta guztira 31 urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, berriz, 2018an ebatzi zuen inpartzialtasunik gabe epaitu eta kondenatu zituztela. Eta Europako Auzitegiari men eginez, uztaila honen bukaeran iritsi zen ustez azkena behar zuen Auzitegi Gorenaren sententzia: bost auzipetuek jaso eta bete zituzten zigorrak baliorik gabe utzi zituen Gorenak berak.
Azpimarratzekoa da kasua itxi zen garai hartan inortxok ez zuela eskatu berriz zabaltzerik, ezta Illana Navia-Osorio fiskalak ere. Eta justu fiskal honek berak orain galdegin du kasua berriz zabaltzea, baliatuz Kataluniako independentistak kondenatzeagatik ezagun egin den Manuel Marchena epaileak irailean birebaluaketa bat planteatu ziela aldeei, oso modu zabalean.
Estrasburgoko epaiak dioena horrela itzuli du Maddi Ane Txoperena Berriako kazetariak: "Erreparazio modurik egokiena, printzipioz, auzia berregitea edo kasua berriz irekitzea litzateke, pertsona interesdunak hala eskatuta". Eta auzipetuek ez dute halakorik galdegin. Horixe argudiatuko du auzipetuen defentsak.