Bateragune auziko kideei kartzela zigorra ezarri die Auzitegi Gorenak. Erabaki honen harira alderdi eta sindikatuek egindako adierazpenak bildu ditugu:
Eusko Jaurlaritza: "Auzitegi Gorenak hartutako erabakia onartzen dugu. Aurrerantzean ere, Euskadin elkarbizitza bermatzeko lanean jarraituko dugu, legalitatearen barruan, indarkeria terroristak azken hamarkada hauetan utzitako ondorio guztiak gainditzeko".
Ezker Abertzalea: "Garai politiko berria posible egiteko arriskatu dutenen kontrako ankerkeria da. Inongo epaiketak ez du aldatuko bakearen alde egindako apustua''. (Ikus prentsaurrekoaren bideoa).
EAJ (Iñigo Urkullu EBBko bozeramailea): "Bateragune auziko epaia zentzugabea da. EAJak beti defendatu du epaileen independentzia baina Bateragune auzia deitutako epai honetan zaila egiten zaigu iritzi hori mantentzea".
Aralar: "Gogor gaitzesten dugu erabakia. Euskal Herriko gatazkari konponbidea emateko lanean aritutako pertsonak espetxeratuta dauzkate. Bake prozesuan, normalizazio politikorako prozesuan, beste atzerapauso bat dakarrela uste dugu".
PP (Antonio Basagoiti): "Ez naiz egunero Otegirengan pentsatzen egoten. Justiziak egin behar duena egin du, eta Otegi kondenatu badute merezi duelako izango da".
EA: "Euskal jendarteak ez du ulertzen bost pertsonak sei urteko kartzela zigorra bete behar izatea, soilik lan politikoa burutzeagatik. Bateragune auziko epaia demokratikoki sostengaezina da".
Alternatiba: "Erabakiak Espainiak duen izaera demokratiko eskasa agerian utzi eta Euskal Herriarekin lotutako edozein erabaki judizialek inolako funtsik ez duela egiaztatu du".