argia.eus
INPRIMATU
Batera, Birsortze Biltzar Nagusirantz
  • Apirilaren 4an, ostiralarekin, Ipar Euskal Herriak Lurralde Kolektibitate baterantz bilakaera instituzional bat behar duela egiaztatuz, Batera plataformak herritarren mobilizazio dinamika baten abiatzea aurkeztu du. Hitzordua emana da maiatzaren 10ean, larunbatez, Ezpeletan, Birsortze Biltzar Nagusi baten kari.

Enbata 2025eko apirilaren 08a

2017an, Euskal Hirigune Elkargoaren (EHE) sortzea lehen urrats bat izan zen. Hala ere, zortzi urteko esperientziaren ondoren, konstatazioa argia da: Hirigune Elkargoak ez du baliabide eta gaitasun nahikorik lurraldearen eta bertako biztanleen beharrei erantzuteko. Hainbat aldarrikapen historiko betetzekoak daude oraindik eta erronka berriak agertu dira azken urteetan, batez ere klimari, etxebizitzari eta justizia sozialari buruz. Tokiko erabaki ahalmen murritzak eta baliabide ekonomiko eskasak politika publiko anbiziotsuen gauzatzea oztopatzen dute.

Beharrezko bilakaera: estatus bereziko kolektibitate baterantz

Muga horien aitzinean, Batera-k uste du urrats berri baten egiteko tenorea heldu dela: Estatutu berezia duen Lurralde Kolektibitate baterantz eboluzionatzea. Lyongo eredua, autonomia, eraginkortasuna eta demokrazia indartua uztartzen dituena, inspirazio iturri da Ipar Euskal Herriarentzat.

Batera-k ez du dena deseraiki nahi, baizik eta gure lurraldeari egokitua den instituzio bat eraikitzeko, dagoena aldarazi. Bilakaera hori kolektiboki eraman behar dute herritarrek, hautetsiek eta sektore engaiatuek.

Herritarren dinamika berri bat

Eraldaketa horren erdiesteko, Batera berriz sortzen da:

  • Antolaketa berri bat
  • Indar eta sektore berrien inplikazioa
  • Instituzioen aldarrikapena bultzatzeko bide orri gaurkotua.

Maiatzaren 10a, larunbata: Birsortze Biltzar Nagusia

Batera-k lurraldeko herritar, hautetsi eta eragile guziak mobilizatzera deitzen ditu. Dinamika berri honen lehen hitzordua maiatzaren 10ean iraganen da, 9:00etan, Ezpeletako Patronatuaren gelan, Batera-ren Birsortze Biltzar Nagusirako.