Meatzaritzaren sektorean dira hilketa gehienak gertatu, orotara ingurumenaren aldeko 50 militantek dute bizia galdu meatzaritzaren sektorea zutenean jomugan. 2019an 212 ekologistek dute bizia galdu haien militantziagatik.
2019an 212 militante ekologista hil zituzten –askoz gehiago izan daitezke gainera, hilketa anitz kontaturik eta ikerturik izan gabe gelditzen direlako–. 2015az geroztik, hots, Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen COP21 Goibileraz geroztik batazbestean, astero lau militante ekologista dira hilik agertzen. Global Witness Gobernuz Kanpoko Erakundeak plazaraturiko datuak dira.
Hilketei gehitu behar zaizkie ingurumenaren alde dabiltzanen mehatxuak, atxiloketak eta auziperatzeak.
2019ko hilketen erdiak Kolonbian eta Filipinetan burutu ziren –64 lehenean eta 43 bigarrenean–. Orokorrean, hilketen bi herenak Amerika Latinoan gertatu ziren.
Meatzaritzaren sektorean dira hilketa gehienak gertatu, orotara ingurumenaren aldeko 50 militantek dute bizia galdu sektore horretan eramandako ustiaketak zituztenean jomugan.
Horrez gain, basogintzan da errepresioaren emendatze handiena sendi: 2018az geroztik %85az emendatu dira industria horren aurka borrokatzen dabiltzanen kontrako erasoak.
Agroindustriaren arloa ere da arriskutsua, batez ere Asian. Hain zuzen, agroindustriaren kontra dabiltzanen kontrako errepresioaren %80 da kontinente horretan buruturikoa.