Maite Goienetxek eta Jean-Claude Agerrek Baionan emandako prentsaurrekoan jakinarazi dute Batasunak disolbatzeko erabakia hartu duela. Duela hamar urte sortu zen Ipar Euskal Herrian. Fase politiko berriaren testuinguruan kokatu dute erabakia.
Batasunak agiria plazaratu du erabakiaren berri emateko. Honela hasten da: "Euskal Herriak fase politiko bat berri ezagutzen du. Fase honi heltzeko, Ezker Abertzalearen erakundeetan egokipen urrats ezberdinak egon dira azkeneko hilabeteetan. Horien artean gogoratuko duzuenez, Segiren desagerpena eta Askatasunaren disolbatzea. Idatzi labur honetan, logika honetan ematekoa dugun azkeneko urratsaren berri eman nahi dizuegu: Batasunaren disoluzioarena".