argia.eus
INPRIMATU
Batasuna hitzartu eta Azawadeko Estatu islamikoa sortu dute tuaregek
  • Pasa den apirilaren 6ean Azawadeko Askapen Mugimenduak independentzia aldarrikatu zuen Maliko iparraldean. Tuaregez osatutako talde horrek pasa den urtarrilaren 17an hasitako askapen altxamendua amaitutzat jo zuen aldarrikapen honekin. Hala ere, estatu berriaren ereduari dagokionean bestelako ikuspegia zuten beste hainbat taldek.

2012ko maiatzaren 28a
Tuareg talde bat Azawadeko banderarekin.

Hauek ez zuten askapen mugimenduan parte hartu, eta tuaregen arteko batasuna ez zen erabatekoa. Orain, barne gatazka horretako bi alde nagusiak bat egiteko akordio batera iritsi dira eta Azawadeko Estatu islamikoa sortu dute. Nazioarteak ez du oraindik onartu herrialde berriaren independentzia.

Azawadeko Estatu islamikoa "shariaren (lege islamikoaren) arauen arabera" zuzenduko dute. Hasiera batean Azawadeko Askapen Mugimenduak estatu laikoa aldarrikatu bazuen ere, Ansar Dine (Fedearen Defendatzaileak) talde islamiko erradikalak estatu berria onartzeko eskatzen zuen baldintza nagusia lortu du, "islama zuzenbidearen iturria" izatea. Batasuna lortuta, bi aldeek ordezkaritza parekatua izango duten gobernua eratu eta Maliren %65 hartzen duen estatua sortu dute. Herrialdearen egoera nahasia eta armadaren egoera ikusita, zaila izango da Maliko gobernuak Azawadeko lurrak berreskuratzea.