argia.eus
INPRIMATU
Bat eginik pentsionistak desmobilizatzeko
  • PPren eta EAJren interesak batu egin dira Estatuko Aurrekontu Orokorrak salbatzeko, pentsionistak hauteskunde-merkantzia balira bezala erabilita.

Juan Mari Arregi 2018ko apirilaren 26a
(arg: EiTB)

PPren gobernuak fronte asko dauzka irekita eta galera handia izan dezake bere boto-emaileen artean. Pentsionisten sektorea –botoak lortzeko garrantzitsuenetakoa– muturrerantz zihoakion, Espainiako Estatuan mobilizazio gero eta handiagoaekin. Eta mobilizazio horien buru Hego Euskal Herriko pentsionistak jarri dira, hortik boto asko lortzen dituen EAJri ere eraginez.

PPren eta EAJren interesak batu egin dira Estatuko Aurrekontu Orokorrak salbatzeko, pentsionistak hauteskunde-merkantzia balira bezala erabilita. Horretarako, lehen ezinezkoa omen zena dirurik ez zegoelako, orain posible da, bi alderdientzat hauteskundeei begira onuragarria delako, eta KPI-aren hazkundeari loturiko %1,5eko igoera adostu dute aurtengorako eta hurrengo urterako. Lortu dute, era berean, pentsionisten arteko batasuna haustea, batzuentzako agian nahikoa izango delako igoera, mobilizazioen ondorioz lortua gainera. Beste askok ordea, batez ere Hego Euskal Herrian, ez dute hori uste.

EAJri oroitarazi behar zaio igoera horrek hilean batez beste 10 euro gehiago ekar dezakeela soilik; 700 eurotik behera kobratzen duten 247.000 euskal pentsionistentzat oso gutxi da. Bertoko pentsionisten plataformek aldarrikatu dute pentsioak 1.080 euro arte osatzea, orain hori erabaki izan balitz, orduan bai sinesgarria litzateke.

Estatuko aurrekontuak –itxura guztien arabera EAJren babesa izango dutenak–, antisozialak, militaristak eta birzentralizatzaileak dira. Jeltzaleak Gernikako Estatutua bortxatzen duen gobernu ustel baten ondoan jarri dira. Benetan fidatu daitezke duela dozenaka urte sinatu baina oraindik eskumenak transferitu ez dituen gobernu batez? Zeinek bermatzen du akordioa beteko dutela?