argia.eus
INPRIMATU
Basurtuko bihotz kirurgia zerbitzua Gurutzetara eramateko asmoa geldiarazi du epaitegi batek
  • Basurtuko bihotz kirurgia zerbitzua itxi eta Gurutzetako ospitalean kontzentratzeko asmoa du Osakidetzak. Azaroaren 17an egin nahi zuen lekualdaketa, baina auzia ebatzi bitartean prozesua geldiarazi du Gasteizko epaitegi batek, kautelazko neurri gisa.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 08a
Argazkia: EITB

Kautelazko neurria hartzeko hainbat arrazoi eman ditu epaitegiak, kalte ugari eragingo lituzkeela-eta. Tartean, azaroaren 17an lekualdatzea gauzatuz gero, Basurtuko zerbitzua itxi eta desegingo litzatekeela, “izateari uzten zaio”, eta gero azkenean erabakitzen bada Basurtun zerbitzua mantendu behar dela, “zerotik berriro martxan jartzea ezinezkoa izango da”. Osakidetzak ez duela eman bi zerbitzuen “bateratze akordio arrazoizko eta motibaturik”, hori ere badio epaitegiak.

Zerbitzurik gabe, heriotza gehiago

Zerbitzua ixteak ekarriko lituzkeen kalteen artean, pazienteak ere aintzat hartu ditu epaiak eta azaldu du Espainiako Kardiologia Elkarteak ondorioztatua duela bihotzeko arazoekin ospitaleratzen dituzten paziente gehiago hiltzen dela kirurgia zerbitzurik ez duten zentroetan.

Basurtu Bizirik: zuhur

Basurtu Bizirik plataformako kideek pozez hartu dute erabakia, baina baita zuhurtziaz ere, jakinik kautelazko etenaldia dela eta auzi judiziala oraindik ebazteko dagoela. Halere, plataformako kideen hitzetan ona da albistea, “kirurgiaren lekualdatzea behin betiko gelditzeko aukera onartzen” baitu ebazpenak.

Osakidetzak alegazioak aurkeztuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ere adierazpena atera dute, ebazpenaren inguruan. Harrituta daudela diote, batetik, “kudeaketa asistentzialeko gai bat, Osasun sailari eta Osakidetzari dagokiena” ebatzi duelako Justiziak, “botere betearazlearen eskumen esklusiboa” denean, eta bestetik, ezin delako helegiterik aurkeztu. “Osasun sailari entzun gabe hartu da ebazpena”.

Osakidetzak alegazioak aurkeztuko ditu epaitegian, “erabaki horren zergatia argudiatzeko eta hori lortzeko emandako pausoak azaltzeko”. Osakidetzaren esanetan, lekualdaketarekin ere bihotz kirurgia behar duten biztanle guztiek bermatuta izango lukete arreta, eta zerbitzuak kontzentratzearen aldeko “ebidentzia zientifikoak” daude: “Konplexutasun handiko prozedurekin tratatu beharreko pazienteen bolumena zenbat eta handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak izango dira osasunean, eta konplikazio eta albo-ondorio txikiagoak”.