argia.eus
INPRIMATU
COVID-19 txertoa aldez aurretik jarrita harrapatu dituzte Bilboko bi ospitaletako zuzendariak eta dimititu egin behar izan dute
  • Bilboko Basurtuko eta Santa Marina ospitaleetako zuzendari kudeatzaile Eduardo Maizek eta Jose Luis Sabasek dimititu egin dute asteazken eguerdian, Osakidetzak jakinarazi duenez. Aurreko egunean ELA sindikatuak salatu zuen Basurtuko ospitaleko zenbait kargudun COVID-19-ren aurkako txertoa hartzen ari zirela, beren karguak ematen zien boterea baliatuz. Bai Maiz, baita Sabas ere, EAJko afiliatuak dira eta Eusko Jaurlaritzan eta Bilboko Udalean ibilbide politiko zabala egindakoak. Ez da baztertzen ospitaleetako agintari gehiagok boterekeriaz txertoa jarri izana.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko urtarrilaren 20a
José Luis Sabas eta Eduardo Maíz, hurrenez hurren, harrapatu dituzte beren boterea baliatuz COVID-19 txertoa jarrita.

Nahiz eta ez egon Osakidetzak finkatutako protokoloetan, Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetako zuzendariek beren burua txertatu zuten, eta harrapatu egin dituzte.

ELA sindikatuak El Correo egunkarian salatu zuen Basurtuko ospitaleko Anestesia Zerbitzuan ezinegon handia zegoela langileen artean, erdi-mailako agintari zenbait COVID-19aren aurkako txertoa jartzen ari zirelako, protokoloak saltatuz. El Correok zabaldu du hori egiteko baliatu duten aitzakia: dosiak "soberan" zeudela eta "alferrik ez galtzea" nahi zutela.

Asteazken eguerdian, "Covid-19aren aurkako txertoa jartzeko protokoloa ez betetzea" egotzita, Osakidetzak bi zuzendariek dimititu egin dutela adierazi du. Prentsan Maizek bere Basurtuko lankideei bidalitako e-posta bat filtratu da eta bertan barkamena eskatu du "zerbatiten okertu bada".

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du asteazken arratsaldean Legebiltzarreko Osasun Batzordean, pandemiaren bilakaeraz hitz egiteko, eta ustelkeria kasu hauei buruz emango dituen azalpenetan eogngo da eguneko arretagune nagusietako bat.

Eldiario.es agerkarian Iker Rioja kazetariak azaldu du zertan hautsi duten protokoloa: Lehenik eta behin lehen lerroan lanean ari diren osasun langileak eta ZIU-etako taldekidea inmunizatzea da helburua, eta ondoren gainontzeko osasun langileen txanda litzateke. Ez dira Espainiako estatuan protokoloak hautsiz beren buruak txertatuta harrapatu dituzten lehenengoak, adibidez, Murtzian osasun sailburuak eta bere emazteak gauza bera egin zuten.