argia.eus
INPRIMATU
Bastidako alkategaiak dimisioa eman du Araba Buru Batzarrak ez diolako utzi hautagaitza aurkezten
  • Eduardo Barinagak uko egin dio zinegotzi akta jasotzeari, ABBk emandako aginduarekin bat ez datorrelako. EAJk hautagaitza aurkeztu ezean, PPk lortuko du alkatetza Arabar Errioxako herrian. Hori da PPk jarritako baldintzetako bat Gasteizen EH Bildu alboratu eta PSE-EAJ gobernu bat babesteko.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko ekainaren 15

“Dimisioaren arrazoia da helburuak aldatu direla. Hasiera batean helburuak batzuk ziren, eta orain kontrakoak. Araba Buru Batzarretik jaso genuen agindua da hautagairik ez aurkeztea plenoan. Horrekin bat ez natorrenez, logikoa da alde batera egitea eta dimisioa aurkeztea, eta hori da egin dudana”. Argi mintzatu da ETBren kameren aurrean Barinaga. Euskadi Irratian ere eman ditu azalpenak: “Dei bat jaso nuen atzo, eta eskaera hori egin zidaten. Agintaldia prestatzen ari ginen, baina alderdi baten barruan gaude, eta erabaki batzuk gure gainetik daude”.

Mugimendu garrantzitsua Gasteizko alkatetzari begira

Garrantzizko mugimendua da ABBk egin duena Barinagari alkatetzarako hautagaitza aurkeztea eragotzita. Gasteizen PSEk eta EAJk udal gobernua osatu nahi dute, alkatetza PSEko Maider Etxebarriari emanez eta indar bozkatuena izan zen EH Bilduko Rocio Viteri bazterrean utzita. Baina PPren babesa behar dute helburua lortzeko. PPk publikoki adierazi zuen Gasteizen PSE eta EAJ babesteko baldintza zela Arabar Errioxako Guardia eta Bastida herrietan alkatetza eskuratzea. Bi herrietan alderdi bozkatuena izan da PP eta bigarren indar EAJ; EH Bilduk iragarri zuen EAJren hautagaiari emango ziola babesa Guardia eta Bastidan PPren gobernuak ekiditeko; hortaz, PPk eskatu dion EAJri ez aurkezteko hautagairik.

Aste hasieran Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek adierazi zuen EAJrekin negoziatzen ari zirela, baina EAJk ukatu egin zuen hori.