argia.eus
INPRIMATU
Basque Friendship eurodiputatu taldeak ETAren azken pausoa positibotzat hartu du
  • ETAk desarmatzea hasteko eman duen pausua "adoretsu” gisa hartu du eurodiputatu taldeak. Euskal gatazka elkarrizketa bidez amaitzearen alde dagoen erakundeak gobernu espainiar zein frantziarraren inplikazioa eskatu du.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 07a
Basque Friendshipek ETAk desarmatzearekin euskal gatazkarekin amaitzeko pausu positiboa eman duela adierazi du. (Argazkia: Basque Friendship)

Talde armatuak estrategia armatuari amaiera emateko konpromiso osoa azaldu duela kontsideratu du Friendshipek. Amaierak alderdi guztien parte-hartzea behar duela aipatu du eta Gobernu espainiarrari “oposizio politika zentzugabea” alda dezala eskatu dio.

Bruselan egindako prentsaurrekoan desarmatzearen hasierari gobernu espainiar eta frantziarrak eman dituzten erantzunak “ulergaitzak" direla adierazi du Basque Friendshipek. Gobernu espainiarrak Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideen aurka deituriko zitazio judizialak jarri ditu adibide bezala. 

2006. urtean Europako Parlamentuak bake-prozesuaren aldeko erabakia hartu zuela gogorarazi du, europar instituzioen esku-hartzea handiagoa izan beharko lukeela nabarmenduz.

Eurodiputatu taldeak preso politikoen egoeran aldaketak beharrezkoak direla azpimarratu du, presoek jasaten duten espetxe-politika “jasangaitza” dela adieraziz. Presoak Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzea eskatzeaz gain, gaixo daudenen berehalako askatasuna eta politika egiteagatik espetxeratuak izan direnak kartzelatik ateratzea erreklamatu du.

Hala, Arnaldo Otegiren aipamena egin du elkarteak, “bake prozesua aurrera eramateko pertsona gakoa” dela adieraziz.