Euskal presoen giza eskubideen egoerari buruzko txostena aurkeztu du Basque Friendship taldeak Europako Legebiltzarrean. Espainiako eta Frantziako Estatuei eskatu diete presoen eskubideak errespetatzeko beharrezko urratsak ematea.
Basque Friendship taldea Europako Legebiltzarreko hamalau diputatuk osatzen dute, eta euskal gatazka konpontzea dute helburu. Otsailean izan ziren Euskal Herrian, eta hainbat eragilerekin bildu ziren.
Euskal presoen eta haien senideen egoerari buruzko txostena osatu dute bertan jasotako datuekin. Asteartean aurkeztu dute Europako Legebiltzarrean, taldearen sorreraren 10. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldian.
Basque Friendshipeko europarlamentariek gogorarazi dute ETAk 2011ko urriaren 20ean eten zuela borroka armatua: “Lau urte eta gero, legeak gaizkileak zigortzeari ematen dio lehentasuna, preso daudenak gizarteratzeari baino”. Era berean, txostenaren egileek nabarmendu dute “justizia eta mendekua askotan nahasten” direla Espainiako Estatuan.
Presoen giza eskubideen urraketak aztergai
Dispertsioari dagokionez, legebiltzarkideek gogorarazi dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak hainbat neurri hartu dituztela politika horren kontra.
Txostenak ondorioztatu du euskal presoen egoerak antzekotasun handiak dituela Ukrainako Oleg Rodzevilloren auziarekin: Rodzevillo jaioterritik mila kilometrora zeukaten, eta Estrasburgok zigortu egin zuen Ukrainako Estatua.
Basque Friendshipek nabarmendu du presoen eskubideak eta ETAren biktimen eskubideak errespetatzea ez direla kontrajarriak. Bestalde, adierazi dute Espainiako Estatuak ez duela ETAren armagabetzean parte hartu, eta ziurtatu dute antzeko bake prozesuetan –Irlanda, Hegoafrika– ez dela inoiz horrelakorik gertatu.
Etxerat elkarteko senideekin eta Jaiki Hadi elkarteko medikuekin hitz egin eta gero, ondorioztatu dute “gutxienez hamar presoren osasuna arrisku larrian” dagoela. Era berean, azaldu dute Espainiako Estatuak ez dituela kontuan hartzen Frantziako Estatuan betetako zigorrak, eta ohartarazi dute horrek dituen ondorioez: “Preso horietako batzuk aske izango lirateke, eta beste batzuen zigorra murriztuko litzateke”.
Legebiltzarkideek adierazi dute “bake prozesu arrakastatsua burutzeko modu bakarra zigor kolektiboa baztertzea” dela. Nabarmendu dute presoek ere parte hartu behar dutela bakearen eraikuntzan, eta Espainiako Estatuari eta Frantziako Estatuari eskatu diete errespeta ditzatela presoen giza eskubideak.