argia.eus
INPRIMATU
Basque Culinary Centerren bigarren egoitza bat eraikiko dute Donostian
  • Gros auzoan kokatuta dagoen udal lursail batean eraiki nahi dute BCCren etorkizuneko Gastronomy Open Ecosystem proiektua bilduko duen egoitza. Joan den astean adierazi zuen Eneko Goia alkateak martxan jarri dutela horretarako prozesua, eta aurka agertu da Donostiako EH Bildu, lursail horretan gazteentzako eta zaharrentzako apartamentuak eraikitzeko proiektua baitzegoen.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 18a

Hamar urte bete berri ditu Basque Culinary Centerrek. Urteurrenaren harira datozen urteetarako plan-estrategikoa aurkeztu du instituzioak. Bertan, nazioarteko “erreferentziazko ekosistema” bat sortzeko asmoa agertzen da. Horretarako, talentu ekintzailea eta startup-ak erakarri gaitu eta garatu nahi dituzte, Gastronomy Open Ecosystem (Goe) deitutako proiektuaren bitartez.

Proiektua kokatzeko egoitza berri bat eraikiko du Basque Culinary Centerrek. Eneko Goia Donostiako alkateak joan den astean iragarri zuen hiriko Gros auzoan kokatuko dela egoitza, Zubiri Manteo institutuaren aurrean eta Okendo Kultur Etxearen alboan dagoen 5.500 metro karratuko orube batean. Egoitza horrek BCCk Miramonen duen egoitzaren ezaugarri desberdinak izango dituela adierazi dute.

Kontra agertu da EH Bildu

Asteartean argitaratutako ohar batean BCCren egoitza berria Groseko Okendo-Alde eremuan egitearen kontra agertu da Donostiako EH Bildu, auzoak gaur egun dituen arazoak “areagotu besterik ez dituela egingo” iritzita.

Koalizioak azpimarratu duenez, Groseko auzotar askok, batez ere gazteek, bertatik alde egin behar izaten dute ez dutelako etxebizitza duin baterako sarbiderik. Aldi berean gero eta pisu turistiko eta hotel gehiago dagoela salatu dute.

Oharrean udal gobernuak auzoarentzat dituen politika publikoak salatzen ditu EH Bilduk, turistifikazio prozesua areagotu eta bizilagunak kanporatzen jarraitzen ari direla esanez: “Ez du inongo logikarik Okendo-Alden hasieran aurreikusitako proiektua (gazteentzako eta zaharrentzako apartamentuak) baztertzeak eta udal lursail hau Basque Culinary Centerren bigarren egoitza kokatzeak. Are gutxiago, handik oso gertu, Udal Gobernuak orain arte hezkuntza zentro izandako bi eraikin (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxea) hotel bihurtzea onartu duela kontuan hartzen badugu”.