argia.eus
INPRIMATU
‘Basque Country’ markak bultzatzen duen eredu neoliberala salatu dute GKEek
  • EAEko GKEen koordinadorak salatu du “Basque Country” nazioarteko markak ez duela inolako irizpide sozial, laboral edo ekologikorik jarraitzen, “soilik tekniko-enpresarialak direnak”.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 28a

Ikerketa txostena argitaratu du 80 elkarte batzen dituen Garapenerako GKEen Koordinadorak OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiarekin batera: “Eusko Jaurlaritzaren enpresa nazioartekotzeen politiken azterketa: garapen politiken koherentzia”.

Ikerketaren arabera, euskal enpresak nazioartean duten politiken oinarria lehiakortasuna eta merkatu berrien hedapena da, “giza garapenean edo jasangarritasunean hartutako konpromisoei jaramon egin gabe”.

Gainera, ikertutako herrialdeetan ez dira bertako beharrak kontuan hartzen egileen ustez, “soilik euskal enpresen inbertsioen handitzea bilatzen da”.

GKE Koordinadorak Eusko Jaurlaritzari dei egin dio “nazioarteko bi politika garrantzitsuenak direnak –enpresen nazioartekotzea eta garapenerako lankidetza– elkarrekin egin daitezela, gure herriaren eta gainontzeko herrien garapena bateragarria izan dadin”.